Azken bost urteetan euskararen kale erabilera areagotu da Araban

Erredakzioa 2017ko uzt. 12a, 15:25

Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntzen erabileraren VII. kale-neurketa aurkeztu du. 

Euskararen kale erabilera apaldu egin da Euskal Herrian azken hamar urteetan, eta 2006an %13,7koa izatetik, 2016an, %12,6koa izatera pasa da, Soziolinguistika Klusterrak aurkeztu berri duen Hizkuntzen erabileraren VII. kale-neurketaren arabera.

Txostenak ondorioztatu bezala, argi-itzalak daude lurraldeka, euskararen kale-erabileraren bilakaerari dagokionez, baina Araban azken bost urteetan gora egin duela dio (%4,6). Izan ere, 2006ko kopurura igo da berriro (%4,7), 2011an %4ra jaitsi ondoren. Hala ere, bestelako lurraldeak kontuan hartuta, Araba da erabilera-maila baxuena duena. Gipuzkoak du erabilera-mailarik altuena, %31,1; Bizkaiak %8,8; Nafarroak %6,7 eta Ipar Euskal Herriak %5,3.

Gasteizkoa, igoerarik nabarmenena

Hiriburuetako euskararen kale erabilerak beren lurraldeetako joera bera izan du, Iruñean izan ezik. Duela bost urtetik hona, Gasteizen gertatu da kale-erabileraren igoerarik nabarmenena, 0,6ko igoera izan bada ere. Gasteizen euskararen zein beste hizkuntzen erabileraren ehunekoa antzekoa da. 

Adinka erreparatuta, Araban, 2001etik 2011ra haur, gazte eta helduen erabilera ez aurrera ez atzera zegoen. Azken neurketan, ordea, gora egin du adin-tarte guztietan. Salbuespena Arabako adinekoetan gertatu da, erabilera oraindik ere egonkor baitago, eta baita gazteetan ere, zertxobait behera egin baitu erabilerak.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago