SEA Arabako enpresariek eta UGT eta CCOO sindikatuek eraikuntza eta herri lanetako Arabako lan hitzarmen kolektibo berria sinatu dute gaur. Lau urterako ituna izango da, eta eraginkortasun orokorreko hitzarmen kolektibo izango da, sindikatu sinatzaileak sektorean nagusi direlako. LAB eta ELA sindikatuek, berriz, ez dute itunaren alde egin.
SEAk azaldu bezala, hizarmen honen bidez, sektoreko 4.200 langileek soldata-igoera izango dute; 2017an %1,6, 2018an %2 eta 2019an %2; hau da, %5,6ko igoera. 2020an kontsumoko prezioen indizea berrikusi egingo da, eta hiru urteko KPIak %5,6 baino handiagoa bada, soldata-igoera eguneratuko litzateke. Lan orduei dagokienez, ez da aldaketarik egongo, eta aparteko orduak ordainduko direla zehazten du hitzarmen berriak.
UGT sindikatuko Juanjo Vallejok adierazi duenez, "hitzarmenak orain arte lortutako eskubide guztiak mantentzen ditu, eta langileen baldintza ekonomiko eta sozialak hobetzen ditu".