Osakidetzak, EHUk eta BIOEFek (Berrikuntza+Ikerketa+Osasun Eusko Fundazioa) Gasteizen Bioaraba Osasun Ikerketa Institutua sortzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Hala, Bioaraba Osakidetzaren hirugarren institutua izango da, eta Euskadiko Osasun Ikerketako institutuen sarea osatuko du, Biodonostia eta Biocrucesekin batera.
Egoitza Arabako Unibertsitate ospitalean egongo da kokatuta, eta helburuak ikerketa biomedikoa, epidemiologikoa, osasun publikoko ikerketa eta osasun-zerbitzuetakoa izango dira. Ikerketaren garapenaren ondorioz sortutako ezagutza zientifikoa praktika medikora eramango dute ondoren, herritarren osasuna hobetzeko asmoz.
Era berean, Bioaraba Institutuak beste I+G+b erakunde batzuekin elkartzea sustatuko du, diziplina anitzeko eta erakunde anitzeko ikerketa sustatzeko. Osasun Ikerketa Institutu gisa formalki eratu arte, Bioarabak Arabako Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) inguruan egindako ikerketa publiko guztia barne hartuko du, EHUrekin lankidetzan; era berean, beste erakunde batzuekin eta ingurune zientifiko-teknikoekin eta enpresarialekin ere sortu dira lankidetzak.
Egun, Bioaraba nazioarteko erreferentzia da osasun mentalean, loaren nahasmenduan eta gaixotasun kardiobaskularretan eta dieta mediterraneoan, eta beste hainbat ikerketa-arlo ditu, gorantz egiten ari direnak.