Datorren igandean, Gasteizko (Estadioa, Mendizorrotza eta Gamarra), Aguraingo, Araiako, Laudioko eta Aldaietako Klub Nautikoko igerilekuek esklerosi anizkoitza dutenen aldeko Busti zaitez kanpaina hartuko dute.
Esklerosi Anizkoitzaren Arabako Elkarteak (AEMAR) eta Vital Fundazioak antolatzen dute ekimena, eta gaitz hau sufritzen dutenei elkartasuna adieraztea du helburu. Hala, igandean gaixo hauen alde "busti" nahi duen orok igande goizean gertuen duten igeritokira joan besterik ez du, han eremu seinaleztatuetan igeri egitera.
Jardunaldi osoan zehar, AEMAReko boluntarioek informazioa emango dute eta diptikoak banatuko dituzte, azaltzeko zer den esklerosi anizkoitza eta kanpainan nola parte hartu eta lagun dezaketen.
Jardunaldia amaitzean, igerian egindako metro guztiak batuko dira esklerosi anizkoitza pairatzen duten pertsonei laguntzeko ekitaldi sinboliko batean. Ahalik eta diru gehien batzearren, ekimena gauzatuko den lekuetan mahai bat jarriko da, eta kanpainako merchandising-eko hainbat gauza izango da bertan salgai, hala nola kamisetak, poltsak, mantalak edo koadernoak.