Datozen hamar urteetan Arabako azpiegitura hidraulikoak finantzatzeko eta egiteko akordioa sinatu dute Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Hala, bi erakundeek modu koordinatuan lan egiteko konpromisoa hartu dute, lurraldeko uren egoera ekologikoa hobetzeko eta hornidura eta saneamendu zerbitzuen kalitate bermeak hobetzeko. Guztira, 74 milioi bideratuko dituzten lan horretara: Diputazioak 24 milioi jarriko ditu, eta Uraren Euskal Agentziak, 50 milioi. Horrela zehazten du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak sinatutako akordioak.
Akordio honi esker, Oionen, Agurainen eta Moreda Araban araztegiak egingo dituzte; Goi Baiaren eta Amurrioren horniduran hobekuntzak egingo dira; lurrak erosiko dituzte Goi Nerbioiko araztegietarako; Lagranen, Manzanosen, Gopegin, Legution, Artziniegan eta Dulantzin saneamendua eta arazketa hobetuko da; eta, Iruña Okan eta Gaubean hodi biltzaileak jarriko dituzte.