Ivan Alvarez madrildarra eta Julia Mai alemaniarra atzo Arabak hartu zuen Gasteizko triatloian izan ziren garaile, Full kategorian. Triatloi erdian, aldiz, Pablo Dapenak eta Judith Corachanek lortu dute garaipena.
Goizeko 8:30ean Landan abiatu zen lasterketa izugarria izan zen, eta ezusteko ugari eskaini zituen, lidertzan aldaketa asko izan direlarik. Baina azken garaipena 40 urteko Ivan Alvarez madrildarrarentzat izan zen. Egun berezia izan zen lasterkariarentzat, atzo aita izan zen eta bere familiakoek erabaki zuten ezer ez esatea lasterketa amaitu arte. Azken bi edizioetan garaipena eskuratuta, Alvarez lasterketaren palmaresaren buruan da orain. Madrildarrak 8 ordu, 25 minutu eta 9 segundo behar izan zituen, eta haren ondoren sailkatu dira beste madrildar bat, Carlos Aznar, eta portugaldar bat, Pedro Gomes.
Emakumezkoetan, Julia Mai alemaniarra, irabazle
Julia Mai germaniarra, iaz bigarren izan zena, hamaikagarren edizioaren garaile sartu da Plaza Berriko helmugan. Oso denbora ona egin du Maik (9:37:52). Ruth Britorrek eta Yvette Gricek osatu dute podiuma.
Half-eko podiuma
Pablo Dapena galiziarra eta Judith Corachan kataluniarra Half kategorian izan dira garaile, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorian, hurrenez hurren. Dapenaren atzetik sailkatu dira Miguel Angel Fidalgo, 2016ko irabazlea, eta Victor del Corral. Emakumezkoen podiuma Aintzane Argaiz gasteiztarrak eta Helene Alberdi gipuzkoarrak osatu dute.
Argazkiak: Triathlon Vitoria