Bai Euskarari Sariak urrira begira jarri dira

Bai Euskarari Sarien ekitaldiak data eta lekua finkatu ditu; urriaren 6an izango da Tabakaleran, 13:30ak aldera. Aurreko urteetan bezala, hiru sari banatuko dira: ziurtagiria duten bi entitatek Bai Euskarari Saria jasoko dute eta hirugarren saria Bai Euskarari Laguna izango da, Euskal Herriko pertsona batek jasoko duen saria, bereziki alor sozioekonomikoan euskara sustatzearen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik.

Irabazleen aukeraketa publikoaren proposamenetatik abiatuko da; irailean Bai Euskarari Saridunak eta Bai Euskarari Laguna proposatzeko aukera zabalduko da galdetegi digital baten bidez eta, ondoren, Bai Euskarari Elkarteak izendatuko duen epaimahaiak hiru saridunak hautatuko ditu.

Berritasun moduan, proposamenak bidaltzen dituzten pertsonen artean bonoak zozkatuko dira Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateen produktuetan edo zerbitzuetan gastatzeko.

Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua eta sari hauen bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi dira.

Saridunak, urtez urte:

  • 2009: JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe.
  • 2011: Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa), Sokoa (Hendaia) eta Xabier Mendiguren Bereziartu.
  • 2012: Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (Athletic).
  • 2013: VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak, Anaje Narbaiza (Elay).
  • 2014: Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz.
  • 2015: Euskal Herria Esnea, Nekatur eta Gaizka Garitano.
  • 2016: Sorginen Museoa eta Lezea (Zugarramurdi), Laneki eta Mikel Lezamiz.

 

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago