Arabako Errioxako upategiak dira erakargarri nagusia bisitarientzat, eta hori indartzeko lan egin behar dela uste du Cristina Gonzalez (Gasteiz, 1969) turismo diputatuak. Erronka handiena, ordea, bisitari horiek lurraldeko beste txoko batzuekin lotzea dela nabarmendu du. Turismo sarea hedatzea du xede hurrengo hilabeteetarako.
Plan estrategiko bat abiatu zenuten. Nola garatzen ari da?
Aldundira heldu ginenean ez zegoen turismo estrategia zehatzik, kuadrilla bakoitzak prestatuta zuena baino ez. Helburu bat genuen: bisita egunak handitzea Araban, gure artean egun gehiago egitea, eta gainera, arabarrek euren lurraldea ezagutzea. Kuadrilla eta udalei politika komuna egitea proposatu genien, eta horrek material desberdina ekarri du. Besteak beste, lurraldeko zerbitzu turistikoen datu base bat osatzen ari gara, eta kuadrilletatik hainbat bisita antolatu ditugu; gutxienez hiru kuadrilla batzen dituen ibilbideekin hasi ginen, eta orain agertoki berrien bila ari gara, edo, hobeto esanda, ezezagunagoen bila. Nerbioi ibaiko ur-jauzia izan daiteke horietako bat.
Zeintzuk dira Arabak dituen erakargarri nagusiak?
Ardoa da nagusia, dudarik gabe, munduan horregatik gara ezagun. Baina hortik aurrera altxor ugari dugu. Kruzero agentziek ere, gainera, hori eskatzen digute, altxor berriak topatzea, upategiak, Guggenheim eta Katedraletik harago. Ugari ditugu gure inguruan: Añanako gatz haranak gero eta bisitari gehiago ditu, Gazeo eta Alaitzako elizak ere nabarmeneko arrakasta izan dute nahiz eta bertakoentzat beharbada oharkabean pasa... Arabako Errioxa beste kuadrillekin lotzea lortu behar dugu, bisitariek gainontzekoa ere ezagutzea, eta horretarako prestatu ditugun bisitaldiak; Erdi Aroko herrien ibilbidea prestatu dugu, esaterako, Arabako Errioxatik Artziniegara arte heltzen dena.
Arabako ardoaren sor marka batek kalte ala onura egingo lioke turismoari?
Nik beti defenditu izan dut berezko izendapen bat izatea marka nagusiaren barruan, edo eskualdea nabarmenduko duena, baina Goi Errioxak izan beharko lukeen moduan; guk ezin dugu kantitatean lehiatu, horretarako espazio gehiago ere ez dugulako, baina bai kalitatean, eta ezaugarri guzti horiek sailkapen bat izan behar dute, edo behintzat izen desberdin bat.
Turismo jasangarria aipatzen duzue. Nola lortzen da hori?
Araban ez dago arazorik, bisitari-oldeak ez direlako hainbestekoak, baina badaude momentu zailagoak. Eta Guardia izan daiteke horren adibide; askoz ere gomendagarriagoa da herria aste barruan bisitatzea. Horregatik, ahalegina egiten ari gara, Guardia Arabako Errioxako beste txoko batzuetarako erakusleihoa izan dadin. Marques de Riscal upategia ere bada horren adibide; hainbat joaten dira upategira, baina gero ez dira herrira (Eltziego) gerturatzen. Esperientziak bilatu behar ditugu; ehunka urteetako upategiak ditugu, ongi bazkaltzeko leku asko daude, eta nik uste dut horrek turismoa mugitzen duela. Beste leku batzuetatik ikasi behar dugu, eta nik beti Napa Valley (AEB) jartzen dut adibide gisa; erakusteko upategirik ez zutenez, upategiak nahiko berriak zirelako, esperientziak asmatu zituzten. Batean ardoa egin dezakezu, bestean hamaiketakoa egin, mahasti artean ibilaldia... Guregana datozen bisitariei, esaterako, natura turismoa oso erakargarri zaie eta horretan ere ahalegina egin behar dugu.
Auzokide eta enpresariek zer partaidetza dute turismo planean?
Jaurlaritzarekin akordioa sinatu genuenean, hainbat helburu jarri genituen, besteak beste, lehen aipatutako egun kopurua handitzea, eta turismoa aberastasun iturri izatea. Kudeaketa plan bat proposatu genuen, eta horretan sektorea noski, garrantzitsua da, eta eurekin bilerak ditugu etengabe, batez ere turismo gehien den toki guztietan.
Biosphere zigilua lortu zuenean Gasteizek, esaterako, enpresariek eurek bultzatuta Arabako Errioxan ere hori lortzea pentsatu genuen; horretan lanean ari gara eta abendurako izan daiteke. Zigilu horrek hainbat katalogoetara eramaten zaitu eta turista mota batentzat garrantzitsuak dira, hain zuzen lehen aipatutako jasangarritasuna bilatzen dutenentzat; zorionez, uste dut nahiko kontzientziatuta gaudela Araban, eta turismoak jasangarri izan behar duela.
Abuzturako prest egongo al da Araba? Gasteizko jaien ostean apaldu egin ohi da giroa...
Prest dago. Badirudi abuztuaren 9an mundua amaitzen dela, baina zorionez, gero eta gehiago dira zabalik jarraitzen duten saltokiak. Aste Santuan ikusi dugu, itxi ez duten lokalak izan direla, eta gainera emaitza onak izan dituztela. Eta, zalantzarik gabe, eskaintza egoteak eta zabalik egoteak turista gehiago erakartzen ditu. Oraindik bidea geratzen zaigu, baina aldatzen ari da.
Abuztuko eskaintza kulturala eskasa da, ordea.
Egia da jarduera kultural handiagoa dagoela ekainean eta uztailean, Jazzaldiarekin, Azkenarekin... Abuztuan, esate baterako, Ortzai antzerki taldearen lanak ikusi ahal izango ditugu, ia egunero izango da horretarako aukera, eta 21eko astean errugbi inklusibo txapelketa izango dugu. Baina, bai, abuztuari dagokionez, Gasteizen baino gehiago, herrietara begiratu behar dugu; indartsu datoz.
Literaturak erakarrita gerturatu dira azkenaldian bisitari ugari...
Ezagutzen ditut El silencio de la ciudad blanca liburuagatik etorri diren hainbat lagun, eta Araba ezagutu dute. Kuriosoa da nola engantxatu ahal zaituen eleberri batek, eta nola egin ditzakezun kilometroak hori ikusteko. Arrakasta handia izan du liburuak, eta are bisitari gehiago izango dira, ziurrenik, pelikula egiten dutenean.
Foronda indartzen ari da, baina behar baino gutxiago, ezta?
Abiarazten ari da. Duela hiru urte, legealdiaren hasieran, ez genuke gaur egungoa imajinatuko, ez genuke sinistuko. Forondara bidaiak ekartzea zen helburua, jarri dira batzuk, eta oso ondo ari dira funtzionatzen; une honetan kanpaina turistikoak egiten ari gara Tenerife eta Milanekin, eta beste leku batzuekin ere egiten jarraituko dugu. Lanean jarraitzeko asmoa du diputazioak; ez dugu etsiko 24 orduz lan egiteko aukera izan arte, hau guztia errazagoa izan dadin.
Zulueta jauregia proposatu du Urtaranen gobernuak ardoaren zentro bat jartzeko. Zer iruditzen zaizu?
Beti esan dut Gasteizek ardoaren hiriburua izan behar duela, eta horretarako elkarlanean ari gara. Gune bat behar du, baina ez dakit Zulueta den aproposena. Horretarako Arabako Errioxarekin lan egin behar da zuzenean, eta sektorearekin. Gure ardoak ezagutu eta saldu daitekeen leku bat izan behar dela uste dut, baina beste leku batzuetako ardoak ezagutzeko aukera emango duena; esperientzia dibertigarria izan daitekeela uste dut. Bisitariak erakarri eta arabarrok ere gure ardoak ezagutzeko lekua litzateke. Erakundeen artean hitz egin dugu, baina halako egitasmo baterako kolektibo ugari elkartu behar dira eta horiek barneratu arte zaila da definitzea. Ez dut uste museo bat izan behar denik, halere, jarduera ugari duen ardoaren inguruko lekua baizik.
Turismoak zer esanahi du zuretzat, marka eta datu ekonomikoez harago?
Aisialdi denbora bat da niretzat, ideia berrietara ireki eta leku ederrak deskubritzeko garaia, esperientzia ahaztezinak gogoratzeko unea. Eta, lekuak ikusteaz gainera, baliagarria da leku bateko eta besteko gauzak konparatzeko, onenak hartu eta txarrak baztertzeko; baliagarria da gizarte moduan aurrera egiteko.