1976ko martxoaren 3an Gasteizko Zaramaga auzoan gertatukoa jasoko du Vitoria, 3 de marzo pelikulak. Victor Cabacok zuzenduko du Sonora Estudios-ek ekoiztutako pelikula, eta Juan Ibarrondo idazlearen jatorrizko gidoian oinarrituko da. Grabazioa urrian hasiko da Gasteizen, eta bost astez luzatuko da.
Aktoreen bila
Momentuz, ekoizpenaren arduradunek ez dituzte iragarri pelikulan agertuko diren aktore nagusien izenak, baina "aste batzuetan" horien berri emango dutela adierazi du casting-az arduratzen den Txabe Atxa arabarrak.
Hala, egunotan, aktoreen bila dabiltza, zehazki, 18 eta 22 urte bitarteko neska bat eta mutil bat behar dituzte. Interesdunek txabe.atxa@gmail.com helbidera idatz dezakete, datorren astean Gasteizko Eszena-Arte Tailerrean egingo den hautaketa-prozesuan parte hartzeko. Era berean, pelikulan aktore bezala parte hartzeko interesa duen oro Atxarekin jar daiteke harremanetan, "bi gazteez gain, profil ezberdinetako pertsonak behar ditugulako".