Astronomia behatokia egingo dute Izkin

Erredakzioa 2017ko uzt. 4a, 14:46

Irudia: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola

Mendialdeko parke naturalak argi kutsadura gutxien duen zeruetako bat du gauez.

Izkiko parke naturalean astronomia behatokia jarriko dute, eta horretarako, Aldundiak Arraia-Maeztuko Udalarekin eta Astronomia Elkartearekin hizarmena sinatu du gaur.

Izki leku aproposa da horrelako eraikin bat altxatzeko, izan ere, EAEn argi kutsadura gutxien duen zeruetako bat du gauez. Eraikin hori Korresko parketxearen lurretan irekiko da, interpretazio zentroaren parean, eta abuztutik aurrera hainbat teleskopio bertan izatea aurreikusten dute.

Guztira, 15.621 euro bideratuko ditu Diputazioak, besteak beste, azpiegitura egiteko. Lankidetza publiko-pribatu horren ondorioz, La otra mitad izeneko Astronomia Elkarteak teleskopio eta astronomia ekipo eta ekipo fotografiko ez profesionalez hornituko du instalazioa. Era berean, bertan egiten den lana zabaltzeko jarduera ezberdinak ere egingo dituzte, tartean, jendeari irekitako behaketak eta saio bereziak eskola-umeekin.

Gainera, eklipse, kometa, ozar-izar eta antzeko gertakari bereziak daudenean, jarraipen berezia egingo dute behatokitik.

Behatokia, online

Behatokiak web orri propioa izango du, Arraia-Maeztuko Udalaren eta diputazioaren web orrietara lotuta egongo dena. Webgune horren bidez proiektua ezagutaraziko da eta, streaming-aren bitartez, behatokiko teleskopioen bidez, hainbat gertakariren jarraipena egin eta hainbat zeruko gorputz eta gaueko zerua bera online ikusteko aukera izango da. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago