6.200 Asiako liztor baino gehiago harrapatu dituzte azken hiruhilekoan

Erredakzioa 2017ko uzt. 4a, 13:53

Ingurumen Sailak bi hilabetez jarri ditu tranpak Araba guztian zehar. Espezie inbaditzaile hau nabarmen hazi da urtez urte.

Martxotik maiatzera bitartean 6.227 Asiako liztor harrapatu dituzte, Arabako Foru Aldundiak La Caixa Gizarte Ekintzarekin batera egindako kanpainan. Hala, Ingurumen sailak bi hilabetez tranpak jarri ditu Araba guztian zehar.

Aldundiak La Caixa Gizarte Ekintzarekin izenpetutako hitzarmenari esker finantzatu ahal izan da vespa velutina delakoaren aurkako borroka kanpaina. 

Hala, Ingurumen Saileko foru diputatu Josean Galerak kanpaina arrakastatsua izan dela eta "uste baino ale gehiago" harrapatu dituztela adierazi du. Hala ere, oraindik bigarren tranpa fase bat ere badela jakinarazi du, izan ere, liztor erreginez gain, liztor langileak ere harrapatzea dute helburu. Bigarren fase hori irailetik aurrera egingo dute.

Espezie inbaditzailea

Asiako liztorra erleentzat eta beste intsektu batzuentzat mehatxu larria suposatzen duen espezie inbaditzailea da. Arabara 2012an heldu zen, eta geroztik, nabarmen hazi da urtez urte. Iaz 355 habia kendu behar izan zituzten eta 2015. urtean 170 baino ez. 2014ean, ordea, 24 habia kendu zituzten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago