Sahara Gurea! proiektu komunikatibo eraldatzailea abian jarriko dute astelehenean, Arabako SEADen Lagunen elkartearen eskutik, Mendebaldeko Sahararen espoliazioa salatzeko. Komunikazio kanpaina modu kolektiboan antolatu nahi dute, eta horretarako hainbat atal banatu dituzte: formakuntza saio bat izango da lehenik, sormen saioak izango dira ostean, ekoizpena garatuko dute eta hedapena ere landuko dute. Uztailean hasi eta urtarrilera bitarteko lanketa izango da.
Uztailean egingo dira lehenengo jardunaldiak. Izena eman dutenentzat tailerrak goizean izango dira, eta arratsaldez, berriz, hitzaldi, mahai-inguru eta ekitaldi irekiak. Hala Bediren lokal berrian egingo dira horiek (Bueno Monreal, 16).
Astelehenean, uztailaren 3an, proiektuaren irekiera jaia egingo dute, 19:00etan, eta osteguna bitartean hainbat mahai-inguru eta hitzaldi izango dira. Komunikazio eraldatzailearen inguruko hitzaldia izango da, esaterako, asteartean, 18:00etan, eta merkataritza akordioei buruzko hitzaldia asteazkenean, 18:00etan, Juan Hernandez Zubizarretaren eskutik.
Argibide guztiak: saharagurea.org webgunean.