Askatasuna, aurrez aurre

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko uzt. 3a, 10:15

Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Agurtzane Izarza, Harrerako kideak. ALEA

Azken bost urteetako lanaren balantzea egin du Harrerak; espetxetik edo erbestetik itzultzen direnei laguntza ematen die elkarteak.

 

"Askatasuna gauza handia da, baina batzuetan ez da kontu erraza izaten". Iosu Diaz de Heredia preso ohi gasteiztarrak zinta batean laburbildu du espetxean edo erbestean urte luze pasatu duten pertsonek herrira itzultzean zer sentitzen duten. "Zaila da jendeak ulertzea kaleratzen zaituztenean zer gertatzen den; jendeak uste du dena ondo dagoela, pozik egon behar zarela, baina espetxe osteko garaia latza da". Hala dio Gotzone Lopez de Luzuriagak; aguraindarra preso egon zen ia 25 urtez, eta tarte horretan, kartzelan zegoela, minbizia atzeman zioten. 2013an askatu zuten Lopez de Luzuriaga, baina ez gaixotasun larria zuelako, Parot doktrina bertan behera utzi zutelako  baizik. 

Haren esanetan, espetxearen osteko egoera ezezaguna da: "Espetxean gertatzen denaz oso ohituta gaude hitz egitera, baina ateratzen zarenean etxe osoa eraiki behar duzu, ez da erraza, ez da polita". Are gutxiago ingurukoak faltan baldin badituzu edo laguntzeko aukera ez badute. 

Kaleratzen ari ziren lagunek zituzten arazoak gero eta larriagoak zirela ikusita, 2012. urtean sortu zuten Harrera elkartea, helburu oso zehatzarekin: "Euskal gizon eta emakumeei espetxetik edo erbestetik itzultzean, ahalik eta laguntza handiena ematea jendarteari egokitzeko, eta haien bizitza berria duintasunez eraikitzeko". IOSU DIAZ DE HEREDIA

Presoa espetxetik atera aurretik saiatzen da Harrera diagnosi bat egiten, eta kaleratzen denean zer topatuko duen, eta zer laguntza behar izango duen jakiten.

Agurtzane Izarza preso ohi eta Harrera elkarteko kideak azaldu duenez, gauza premiazkoenak lotzen hasten dira: "Presoa erroldatu, NANa atera, osasun txartela egin, Lanbiden alta eman. Gero, pertsona horrekin egoten gara, eta saiatzen gara irtenbide bat ematen, arlo ekonomikoan". Egun, preso ohi guztiek eskubidea dute espetxetik atera ondorengo diru-laguntza kobratzeko –Espainiako Gobernuak 2014. urtean ukatu zien ETAko presoei, baina atzera bota zuen Auzitegi Konstituzionalak–. Edozein modutan, Harrerak bostehun euroko laguntza eskaintzen die, ibiltzen hasteko. "Barruan egon zarenean lagunak eta familia izan dira zure sostengu ekonomikoa, eta ateratzen zarenean berriro eskatzen egon beharra ez da erosoa; zuk zure independentzia berreskuratu nahi duzu", azaldu du Lopez de Luzuriagak.

Lana bilatzeko arazoak

Arlo ekonomikoan ere lana bilatzeko traba ugari izaten dituzte espetxetik edo erbestetik itzultzen diren lagunak. Asko eta asko 40 urte pasatu dituzte kartzelan edo erbestean, eta gabezi handiak dituzte lana aurkitzeko: prestakuntza gutxi dute, gidabaimena iraungita, ordenagailuak eta sakelako telefonoak erabiltzeko arazoak dituzte, ez dakite curriculuma egiten… 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 111. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago