Zuian abiatuko da Korterraza Araba

Juanma Gallego 2017ko eka. 30a, 14:00

2008an hasi zuten jaialdia Gasteizen, eta duela hiru urte zabaldu zuten Araba osora. | Korterraza

Korterraza Araba jaialdiaren hirugarren edizioa asteburu honetan hasiko da Zuian; aurten, guztira, 26 herritara helduko da film laburren festa.

Larunbat honetan hasi eta irailera arte, arabarrek zinema eta gaua uztartzeko aukera  izango dute Korterraza Araba jaialdiari esker. Hirugarren edizio hau 26 herritara helduko da; guztira, 30 film labur proiektatuko dira. 

Aurtengo lehen proiekzioa paisaia ederrean emango dute. Non eta mendian, Zuiako Oroko Andre Mariaren Santutegian. Bertan film laburrez osatutako aukeraketa proiektatuko dute. Euria ari balu, Atabaka jatetxean egingo litzateke emanaldia. Hasierakoa baino ez da izango: uda osoan zehar proiekzioak herriz herri zabalduko dituzte. Artziniegan izango da azken emanaldia, irailaren 7an.   

Korterraza Txiki modalitatearen barruan, umeei zuzendutako emanaldiak egongo dira hiru herritan: Estavillon, Markinezen eta Bastidan. Lehiaketak 770 lan jaso ditu aurten. Horietatik soilik 7 izan dira euskaraz, antolatzaileen arabera. 

Zinemaz gain, antolatzaileek musikari lotutako jarduera bat gehitu dute: DJ Loro artistak musika jartzen irakatsiko du, uztailaren 28an eta 29an, Maeztun eta Markinezen.

Epaimahaiak hiru sari aukeratuko ditu. Lehen eta bigarren saria eskuratzen dutenek 500 eta 250 euro jasoko dituzte. Korterraza Txiki saria irabazten duenak, berriz,  250 euro izango ditu. Baina jaialdian parte hartzen duten ekoizle guztiek diru pixka bat jasoko dute, film bakoitzak dituen ikusle kopuruaren arabera: ikusle bakoitzeko 1,2 euro irabaziko dute. 

Gasteizko asteburua   

Hiriburuari dagokionez, aurtengoa Gasteizko Korterrazaren zortzigarren edizioa izango da. Hitzordua, uztailaren 20tik 22ra izango da, Artium museoaren plazan. Orotara, 34 film labur emango dituzte bertan, eta Kodigo Norte, The Excitements eta Delaporte taldeen kontzertuak ere izango dira. Kasu honetan, publikoaren saria egongo da ere: ikusleen esku egongo da filmik hoberena aukeratzeko ardura.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago