Gu ez goaz World Pridera

Erabiltzailearen aurpegia 7menos20 2017ko eka. 28a, 10:22

Gay txuriek eta klase ertain altukoek dirutza daukate. Aldiz, klase baxuko maritxuek, pobreek, inmigranteek, errefuxiatuek.. horiek ez daukate dirurik; ez dira uztailaren 1ean Madrilen egongo.

1969ko ekainaren 28. Stonewall. 2017ko uztailak 1 World Pride Madrid. Duela 38 urte New Yorkeko Stonewall tabernan egondako iraultzaren ondorioz ospatzen den eguna dugu ekainaren 28a. Gaypitalismoak ospatzen duena, transbollomariok aldarrikatzen eta borrokatzen duguna. Helburu desberdinak bandera baten azpian, edo bandera ugari helburu askorekin. Milioi bat persona gerturatzen da Madrilera urtero, ospatu beharreko festara, gaypitalismoak bultzatutako festara. Negozio Larrosa deituriko urteko momenturik gorenean. Festa honetan sinisten duten asko egon badira, herri txikietatik haize freskoren bila doazen beste batzuk ere gerturatzen dira, eta kuriositatez beteriko beste asko ere bai. Aurten hiru milioi persona espero dira, Gay harrotasunaren izeneko jaialdi famatuenean.

Hiru milioi izango dira, baina hiru milioietatik zenbatek sentituko dute bere gorputzean duela 38 urte Stonewalleko liskarretan Silvia Riverak sentitu suena? Silvia Rivera ez zen liskarretatik mugitu, han egon zen borrokan, bazekielako momentu hartan iraultza gertatzen ari zela. Iraultza egiten ari zen, eta bere esaldi ezagunena, hau izan zen: "Hemendik ez naiz mugituko, momentu honetan iraultza gertatzen ari da".

World Pride-era joango diren hiru milioi horietatik, zenbatek egingo lukete 2017an iraultza?

Normalizazioak bere lana ondo egin du, kapitalismoaren garaipenera heltzen ari gara? Ez. Normalizazioarekin iraultza baretu nahi izan zuten arren ezinezkoa da. Gorputz gehiegi gara arautik ateratzen garenak, gorputz gehiegi gara urte osoan borrokan dihardugunak eta World Pride batek baretuko ez gaituenak.

Garestia dela diote, gayak dirua omen daukate, eta horrela da. Gay txuriek eta klase ertain altukoek dirutza daukate, izugarrizko dirutza gastatzeko daukate, aldiz, klase baxuko maritxuek, pobreek, inmigranteek, errefuxiatuek.. horiek ez daukate dirurik, horiek ez dira uztailaren 1ean Madrilen egongo, baina horiek ez ditu kapitalismoak hemen nahi, hetero pobreak nahi ez dituen bezala noski.

Bollerak egongo dira? Marimutilak? Batzuk bai, egongo dira, baita heteroaraua jarraituz lumofobia duten lesbianak ere bai. Beti noski ordaindu ahal badute. Bertan bere herrialdetan hetero bihurtzeko bortxatzen dituzten lesbianak ez dira egongo, ezta gure Euskal Herriko neska zaharrak ere ez. Bollerak neskak izanda, edo hobeto esanda, jendartean neska bezala irakurriak izanda, seguraski gayak baina kopuru gutxiago egongo dira, garestiegia prekarietatean bizi diren emakumeentzat, eta prekarietatean emakumeak direla nagusi ezin dugu ahaztu. Haize freskoa hartzeko asko aurreztu duten lesbianak egongo diren arren.

Transexualak egongo dira? Transexualak ala transgeneroak? Binaristak ala binarismoarekin bukatu nahi dutenak? Silvia Rivera bezalako transexual iraultzailerik egongo ahal da? Orokorrean transexuala izatea nahiko iraultzailea da egunerokotasunean, baina LGTBI letren artean erdian egon arren ikusgarritasun gutxien duen taldea da. Beren herrietan hilak izango ziren transexualak ez dira egongo, ezta beren herrietatik alde egin behar dutenak edo prekarietatean bizi diren beste asko, izan ere, festa hau, harrotasun egun hau garestiegia baita.

Hau guztia ikusita erraz ulertu daiteke zergatik komunikabide guztietan, edo gehienetan, zergatik jende gehienaren ahotan gay harrotasun eguna deitzen zaion. Gay txuriak eta klase ertain altuak direlako kapitalismoari hobekien egokitzen direnak, gaypitalismoan.

Bitartean transok, bollerok eta maritxuok borrokan jarraituko dugu, eta Silvia Riverak esan zuen bezala, hemen geratuko gara, orain iraultza gertatzen ari delako. Gu, gure gorputz eta bizimoduekin, egunero egiten ari gara iraultza, bizitzako esparru guztietan, beraz... gu ez goaz World Pridera!

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago