Alberto Zerain eta Mariano Galvan mendizaleak bilatzeko lanak asteburura arte eten egin behar izan dituzte, eguraldi txarra dela eta. Asteartean, helikoptero bat hiru orduz aritu zen bi mendizaleen bila, Nanga Parbat-en. Hodeiak nagusi, oinarrizko kanpalekura bueltatu behar izan zen. Geroztik, bilaketa lanei ekitea ezinezkoa izan da, eta asteburura arte itxaron beharko dute. Iragarpenek diote, larunbatean eta bereziki igandean, baldintza onak egongo direla.
Iñurrategi, Zabalza eta Vallejo, laguntzeko prest
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bilatzeko lanetan laguntzeko prest daudela iragarri dute. Era berean, Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo mendizale euskaldunak prest agertu dira bi mendizaleak bilatzeko lan hauetan laguntzeko; izan ere, oso gertu aurkitzen dira momentu honetan, Gasherbrum I eta IIn, hain zuzen ere.
Larunbatetik harremanik gabe
Summit Karakoram espedizioa gidatzen duen enpresako ordezkariek adierazi dutenez, larunbatetik ez dute bi mendizaleekin berriz ere harremanetan jartzeko aukerarik izan. Azken dei horretan inolako zailtasunen berri eman ez bazuten ere, harrezkero telefonoa itzalita dago eta beraien GPS seinalea ere galduta daukate.
Bi mendizaleek jarraitutako bidea, Nanga Parbaterako biderik zailena dela adierazi dute enpresa antolatzaileko ordezkariek, eta bi mendizaleek soinean beste hiru edo lau egunerako elikagaiak izan arren, bilaketa lanak lehenbailehen martxan jartzeko erabakia hartu dute. Sherpa talde batek beraiek aurkitzeko lanari ekin dio dagoeneko, baina 6.400 metrotik gorako altueran egonik, helikoptero bidezko erreskatea martxan jartzea eskatu dute.
Kordada kideak
Alberto Zerain eta Mariano Galvan argentinarrak aldez aurretik beste espedizio batzuetan elkarrekin parte hartu izan dute. 2016an Dhaulagiri (8.167 metro) eta Manasluko (8.163 metro) gailurrak zapaldu zituzten, udaberrian eta udazkenean, hurrenez hurren.
Aurten, Nanga Parbateko gailurra lortzeko saiakera egiten ari dira, eta beste 13 lagunekin batera ekin zioten bideari. Halere, bi mendizaleek ohikoa ez den bide batetik jo nahi zuten gailurrera eta gainontzeko mendizaleengandik aldendu egin ziren. Beste mendizaleak oinarrizko kanpamendura itzulita daude honezkero, baina Alberto Zerain eta Mariano Galvanen berririk ez dute izan oraingoz.