110 milioi euro zor dituzte 40 enpresak Araban

Erredakzioa 2017ko eka. 30a, 13:18

Tartean, hamar milioi euro baino gehiago zor duten hiru enpresa agertzen dira; Goya Sesenta y nueve sozietate mugatua, Urco & Urbasa enpresa-elkartea  eta Ros Casares Centro del Acero sozietate mugatua.

Aldundiak, 2016ko abenduaren 31ra arte, Arabako Foru Ogasunarekin milioi bat euro baino gehiagoko zorrak edo zehapenak zituztenen zerrenda argitaratu du, astearteko Gobernu Kontseiluak onetsi ondoren.

Zerrendan 40 enpresa inguru agertzen dira, eta horietako hiruk 10 milioi euro baino gehiagoko zorra dute: Goya Sesenta y nueve sozietate mugatua (16,2 milioi), Urco-Urbasa enpresa-elkartea (10,4 milioi) eta Ros Casares Centro del Acero sozietate mugatua (10,2 milioi). 

Araban, zordun handiak %53 handitu dira. 26 izatetik 40 izatera pasa dira. Pilatutako zorrak ere igoera handia izan du. Pasa den urtean 76 milioi ziren, eta 110 izatera pasa dira. Iraculis familiari lotutako hainbat negozioren erorketak gizendu du zerrenda, batez ere. Urco-Urbasa enpresak 10,4 milioi euroko zuloa utzi du ogasunarekin. Era berean, Urvasco eraikuntza eta ostalaritza taldeak eta hainbat filialek 3,6 milioi zor dizkiote Arabako aldundiari. Eraikuntzari lotuta dago baita ere Legutioko Holtza. Egurrezko egiturak ekoizten zituen enpresak 3,1 milioi euroko zorra du. Legutioko lantegia Bizkaiko Egoiz enpresak erosi zuen. Antion upategia (2,2 milioiko zorra) edo Cegasa historikoa (milioi bat) lehen aldiz azaltzen dira zordun handien artean, halaber.

Edonola ere, Arabako zordun handiena Ros Casares altzairuko konpainia eta bere filialak dira. Guztien artean, 31 milioi euro baino gehiago dituzte zorretan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago