35.800 ikusle bildu ditu asteburuan Azkena Rock jaialdiak

Erredakzioa 2017ko ekainaren 26a

The Cult taldea, larunbatean eskaini zuen kontzertuan. Irudia: Azkena Rock

Datorren urteko edizioa ekainaren 22an eta 23an izango da.

35.800 ikusle bildu ditu asteburuan Azkena Rock jaialdiak, Mendizabalan; ostiralean, 18.700 eta larunbatean, 17.1000, hain zuzen ere. Hala, iaz baino 5.000 pertsona gehiago hurbildu dira aurten Gasteizko rock jaialdira.

Aurtengo kartelak ez du huts egin, eta John Fogerty, The Cult, The Hellacopters eta Graveyard talde handiek kontzertu onak eskaini zituzten; Chris Isaak, Cheap Trick eta Michael Kiwanukarenak ahaztu gabe. 

Zerbitzuetan, hobekuntzak

Orokorrean, hobekuntzak nabaritu dira Azkena Rock-aren antolakuntzan. Cashless formatuak, hau da, dirurik gabe ordaintzeak, arazorik gabe funtzionatu du, eta ez da oztopo bat izan jaialdiaz disfrutatzerako orduan. Era berean, jateko postu gehiago, komun gehiago eta bestelako jarduerak egotea ere ondo baloratu dute bertaratu zirenek.

Horrekin batera, 2018ko edizioa martxan jarri dute antolatzaileek, eta besteak beste, data iragarri dute; ekainaren 22an eta 23an izango da. Beasts of Bourbon talde australiarra izan da konfirmatu duten lehen taldea.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago