Aire zabalean sua egitea debekatu dute

Erredakzioa 2017ko ekainaren 22a

Besteak beste, Legutioko Zabalainen sua egitea baimendu dute. / Irudia: Legutio.eus

Suteak ekiditeko, aparteko neurriak hartu ditu Aldundiak; besteak beste, suak debekatzea, zereal uzta biltzea edo nekazaritzako hondakinak birrintzea.

Suteak gertatzeko arriskurik izan ez dadin, Aldundiak aldi baterako debekatu du sua erabiltzea. Uda sasoiko tenperaturek eta prezipitaziorik ez izateak eragin zuzena dute landareen hezetasun galtzean, baita arrisku indizeak igotzean ere. Hori dela eta, Nekazaritza Sailak kautelazko aparteko neurriak hartu ditu suaren erabileraren eta suteak eragin ditzaketen jardueren gainean, hala nola, zereal uzta biltzea edo nekazaritzako hondakinak birrintzea.

Beraz, guztiz debekatuta dago sua erabiltzea edozein eratako landa lurzoruan, mendi publiko zein partikularretan, natura parkeetan, aisialdirako probintzia eta toki parkeetan eta errepideetako atsedenguneetan, klima baldintzak aldatu eta agindua eraginik gabe geratu arte. Debekua betetzen ez dutenek, 1.000 eurora arteko isuna jaso dezakete.

Salbuespenak

Salbuespenez, parke hauetan dauden erretokietan erabili ahal izango da sua: Andra Mari eta Mariseka parkeak (Aramaio), San Roke (Amurrio), Encina (Artziniega), Maroño, Garrastatxu (Baranbio), Zabalain (Legutio), Sorgimendi (Urrunaga), Santa Teodosia (Done Bikendi Harana), Ezpeldi (Herrera), San Gines (Bastida) eta Fresnedo (Kanpezu).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago