Infernura jausitako aingerua

Igor Muñoz Oñederra 2017ko eka. 22a, 12:30
Larunbatean joko du Michael Kiwanukak, Azkena Rock jaialdian. /Alea

"Zer demontre zen hura? Hasierako gitarra akordeak, abeslariaren ahots sentibera..."

2012ko udako egun eguzkitsu bat zen, edozein, baina aitortu behar dut ez dudala "edozein" moduan oroitzen. Egun hartan, ustekabeak bizitza zertxobait hobetuko zidan pertsona aurkeztu zidan: bera izango da datozen lerrotxoetako protagonista musikala.

Eguerdiko bero itogarria siesta goxoaren babesean igaro, eta, ondoren, itsasertzeko haize eztiaren bila atera nintzen: hura bai lasaitasuna… Erabateko zoriontasunean murgiltzeko, garagardo freskoa besterik ez nuen falta!  Edo… hori uste nuen behintzat, tabernariak hi-fi ekipoa piztu zuen arte!  Zer demontre zen hura? Hasierako gitarra akordeak, abeslariaren ahots sentibera, belarri ferekak…  segundoek aurrera egin ahala, abestiak hobera egiten zuen. Garuna, berriz, nonbait, lekutik mugitu gabe bidaiatzeko duen mekanismoa martxan jarrita. Moving on, moving on… zioen abestiak. Garagardoa eskuetan, arima kantari horren izena zein zen, nahi eta nahi ez, ezagutu behar nuen. Sakelakoa atera, baflera begira jarri, eta Shazam aplikazio salatariak inoiz ahaztuko ez dudan izena erakutsi zidan pantailan bost segundoren bueltan.  Michael Ki… Kiwa… Kiwanuka  Home again. Abizen arraro hark japoniarra zirudien, baina ez; jakin-mina sortu zidan ile kizkurdun soul-abeslari beltz hark, eta nondik norako guztiak ezagutzeko irrikaz, ikertzen jarraitu nuen. 

Kiwanuka ez da japoniarra, ez:  Londongo iparraldean kokatzen den  Muswell Hill langile-auzoan jaio zen. Gurasoak, berriz, ugandarrak ditu; Idi Amin diktadore ankerraren erregimenetik ihes egindako errefuxiatuak. Gertaera horrek berebiziko garrantzia izan du bai artistaren ibilbide musikalean, bai bere bizitzan ere. Adibidez, erraz topatu dezakezue Vimeon,  Home again kanta oinarritzat duen animaziozko bideoa, babes bila migratzen duten pertsonei eskainitakoa, alegia.

Kiwanukak bi disko argitaratu ditu, biak ezberdin bezain ederrak. Lehenengoa 2012an, nola ez, Home again izenarekin. Bertan,  Michael bera eta Paul Butler ekoizlea 70. hamarkadako soul abeslari klasikoen soinuaren bila aritu ziren, eta hemen aurkitzen dugu Bill Whiters, Ottis Reading edo Marvin Gaye bezalako handiekin parekatzearen jatorria. Bigarrena, berriz,  Love & Hate izenarekin kaleratu zuen 2016an eta Modest Mouse (Adele, The Black Keys…) ekoizlea izan zen bidelaguna. Kiwanukak ez zuen lehenengo diskoaren erreplika nahi, ez zuen soul klasikotik urrundu nahi, soinu berrietara gerturatzea zuen helburu, eta, akaso bilaketa horretan, oso nabarmenak dira abesti batetik besterako erritmo aldaketak.  Disko horretako gutxienez hiru abesti, soul garaikidearen olinpoan kokatzera ausartzen naiz: Cold little heart, Love & hate eta Black man in a white world itsaskorra. 

Orain, Gasteizen izango dugu ikusi eta entzuteko parada: hilaren 24an ARFeko Chuck Berry/ Chris Cornell oholtza gainera igoko zaigu Kiwanuka. Non eta Azkenan! Askok eta askok –bertan parte hartzen duten dinosauroak ikusita– azken kontzertua ematera datozen rockeroen festibala dela dioten horretan, alegia. Hala ere, ez da gure protagonista gaztearen kasua, ezta gutxiago ere! Ez dakit bere soul delikatu eta kristau fede sakona bat datozen Euskal Herriko jaialdi rockeroenaren espirituarekin, baina argi dago agertoki gainetik isuriko diren musika hotsek izugarrizko kalitatea izango dutela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide