Eguzkiaren kontraesana

Juanma Gallego 2017ko eka. 23a, 12:00

Zabalganan, Salburuan eta Ibaiondon daude eguzki plaka termiko gehienak. ALEA

Gasteizko eraikin askotan dauden plaka termikoak polemika iturri bihurtu dira, horietatik askok ez omen dutelako funtzionatzen. 

Gasteizen dauden eraikin berri askoren teilatuetan ikus daitezke eguzki plakak. Ez dira moda baten ondorioa, legeak agindutako betebeharra baizik. Europako Batasuneko direktiba bat dute oinarri. Zuzentarau horri egokitzeko, Eraikuntzako Kode Teknikoak zehazten du 2007 urtetik aurrera eraikitako etxebizitzetan, etxeko ur beroaren %30 energia berriztagarrien bitartez ekoiztu behar dela.  

Zabalduta dagoen ustearen kontra, eraikinetan ezarri diren plaka horiek ura berotzeko erabiltzen dira, ez energia sortzeko. Eguzki plaka termikoak dira, beraz. Baina arazo bat dago horiekin: asko ez dabiltza, antza. Egia esan, zenbat dauden funtzionamenduan ere ez da ondo ezagutzen.  

Hala dio, behintzat, Gasteizko Udalean Irabazi taldearen izenean zinegotzi lanetan dabilen Oskar Fernandezek. "Gasteizko eguzki plaka gehienek ez dute funtzionatzen. Eusko Jaurlaritzari dagokio horien ardura, eta azterketak egiten ditu, baina azterketa horiek alferrikakoak dira. Beraz, plaka horiek apaingarri gisa baino ez dute balio, lanean ez daudelako". 

Kasualitate batek azaleratu zuen ordura arte ezkutatuta zegoen arazoa. 2009ko uztailean Araban izan zen txingor zaparrada erraldoiak kalte ugari eragin zituen Gasteizko Nazio Batuen Hiribideko zenbait eraikinetan. Teilatuan zeuden 91 plaketatik 41 bertan behera geratu ziren. Txingorrak zuzenean bederatzi kristal apurtu zituen. Baina beharginak egoera konpontzera joan zirenean, bestelako arazoak azaldu ziren. Hodi batzuk ere apurtuta zeuden, eta mantentze lanen berri eman behar zuen liburu ofiziala hutsik zegoen. Plaka horiek sortutako megawatten ekoizpena ikusita, instalazioa astebetez baino ez zuela funtzionatu ondorioztatu zuten bertaratutako teknikariek. 

Auzokideek jarritako salaketari esker jakin dira datu horiek. Izan ere, instalazioa 2007an eraiki eta bi urtez mantentzeaz arduratu zen Giroa enpresaren aurka jo zuten auzokideek, auzitegietan. 2014an Arabako Probintzia Auzitegiak ebatzitako epaiak arrazoia eman zien. Enpresa instalatzailea hiru hilabetetan instalazioa konpontzera kondenatu zuten. Halere, enpresak nahiago izan zuen kalteak ordaintzea, instalazioa konpondu baino.  

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 110. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago