Dena prest Arabako pintxoaren asterako

Erredakzioa 2017ko eka. 20a, 14:08

Uztailaren 2ra arte izango da pintxoaren astea, Araban.

Lurraldeko 65 taberna eta jatetxek parte hartuko dute, ekainaren 21etik uztailaren 2ra arte. 

Bihar, asteazkenean, Arabako pintxoaren IV. astea hasiko da. Bertan, lurraldeko 65 ostalaritza establezimenduk parte hartu dute; Gasteizko 56k eta Arabako beste herrietako bederatzik, tartean, Dulantzi, Amurrio, Bastida, Guardia, Laudio, Otogoien eta Villabuena herrietakoak.

Ekimena uztailaren 2ra arte luzatuko da. Profesionalen epaimahaiak aukeratzen dituen 24 pintxo eta establezimenduak formatu berriko azken fasera igaroko dira. Fase hau Eskoriatza-Eskibel jauregian egingo da, uztailaren 4an eta 5ean. Azken egun honetan, aurtengo irabazleak aukeratuko dira.

"Pintxoaren laugarren Aste Nagusiak bertako gastronomia eskaintzarik onena dakarkigu berriro. Badakigu parte hartzen duten establezimenduek kalitateko proposamenak prestatu dituztela, eta ziur gaude iaz zerbitzatutako 23.000 pintxoen kopurua gaindituko dugula", adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Sariak

Urrezko, Zilarrezko eta Brontzezko saria lortzen dutenei 600, 300 eta 200 euro emango zaizkie, hurrenez hurren, eta txapela. Gainera, lehiaketara aurkezten diren pintxoak kontsumitzen dituzten pertsonek herri epaimahaiko kide izan ahalko dira, ematen zaien boto-papera tabernetan jarritako kutxetara sartuta.

Epaimahai horrek herritarren saria erabakiko du, lehiaketaren finalean. Orobat, beste sari hauek emango dira: bakailao pintxo onena, tempranillo ardo zuriarekiko uztartze onena, pintxoaren astearen irudia, eta zerbitzuaren bikaintasuna.

Egitaraua eta pintxoak: Arabako Pintxoaren IV. astea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago