ElkarOla: hizkuntza- eta hizketa-teknologien alorreko ikerketa estrategikoa

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2017ko eka. 20a, 00:00

ElkarOla ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkeztu ziren atzo Usurbilen, Elhuyarren egoitzan egindako ekitaldian. VICOMTECH-IK4 eta TECNALIA zentro teknologikoek, UPV/EHUko Aholab eta IXA ikerketa-taldeek eta Elhuyarrek osatutako partzuergoak egin du ikerketa, bi urtez (2015-2016), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak diruz lagunduta eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babestuta. Eusko Jaurlaritzaren RIS3ko arloetarako irtenbide praktikoak izan ditu helburu ikerketa-proiektu estrategikoak.

Hiru demo garatu dira: lurraldearen alorrerako, bezeroen arreta-zerbitzurako elkarrizketa-agente bat; biozientzien eta osasunaren alorrerako, osasun-arloko termino eta erlazioen bilatzaile bat; eta fabrikazio aurreratuaren alorrerako, adituaren eta langilearen arteko telelaguntza-sistema bat, denbora errealean funtzionatzen duena.

ElkarOla proiektuaren ikerketa-arloa hizkuntza- eta hizketa-teknologiak dira: itzulpengintzarako tresnak (itzulpen automatikoa, itzulpen-memoriak...), informazioaren kudeaketa (bilatzaileak, informazio-erauzketa, sentimenduen analisia...), hizkuntza-baliabideak (hiztegiak, corpusak, zuzentzaileak...) eta hizketarako tresnak (hizketaren ezagutza, hizketaren sorkuntza...). Proiektuak bereziki euskararako lantzen ditu teknologiok, baina baita inguruko beste hizkuntza batzuetarako ere.

ElkarOlan, oinarrizko ikerketaz gain, ikerketa aplikatua ere egiten da, transferentzia teknologikoari garrantzia ematen zaio eta tresnak gizarteratu edota merkaturatzera ere iristen da. Aplikazio-alor hauetan aritu da, Eusko Jaurlaritzaren RIS3ko arloetan enfasia jarriz: fabrikazio aurreratua, biozientziak eta osasuna eta lurraldea (hizkuntzen industria, turismoa, kultura, hezkuntza...).

ElkarOlaren beste helburuetako bat hau da: jakintza eta masa kritiko kualifikatu bat sortzea, ildo estrategiko honetako I+G+Baren etorkizunari era autonomoan aurre egin ahal izateko. Horretarako, prestakuntza-ikastaroak, graduondoko masterrak, mintegi espezializatuak eta doktorego-ikastaroak antolatzen dira hizkuntza- eta hizketa-teknologien alorrean. Gainera, proiektuaren helburuak lortzeko, aplikazio-alorretako enpresa askorekin lehentasunezko harremanak izateaz gain, beharrezko masa kritikoa eta nazioarteko ospea duen zientzialari- eta ikertzaile-komunitate bat dute proiektuaren partzuergoa osatzen duten kideek.

Proiektuan landutako teknologiek izan ditzaketen aplikazioen erakusle, hiru demo garatu dira, eta horiek aurkeztu ziren prentsaurrekoan.

Lurraldearen alorrerako, bezeroen arreta-zerbitzurako elkarrizketa-agente bat garatu dugu. Bezeroen arreta-zerbitzuak elementu gakoa dira zenbait sektoretan kalitateko zerbitzua eskaintzeko, baina zerbitzu horietako askok balio gutxiko ataza edo fase errepikakorrak dituzte (erabiltzailea identifikatzea, formularioak betetzea, kontsulta sinpleak...). Elkarrizketa-sistemen teknologiek, lengoaia naturalaren prozesamenduarekin eta adimen artifiziala rekin batera, aukera ematen dute halako atazak automatizatzeko, teknikariek denbora modu eraginkorragoan erabil dezaten. Demoa web-interfaze batean integratutako elkarrizketa-sistema bat da, non hizkuntza naturala prozesatzeko teknikak eta sailkapen-algoritmo estatistikoak erabiltzen baitira erabiltzailea identifikatzeko eta erabiltzaileak deskribatutako gertakaria zein sailetara bideratu behar den asmatzeko. Sistemaren erantzunak testu bidez zein hizketa-sintesi bidez ematen dira, eta aginduak ere idatziz zein ahoz eman dakizkioke.

Biozientziak eta osasuna arloko demoa osasun-arloko termino eta erlazioen bilatzaile bat da. Medikuntza-entitateen (gaixotasunak eta sendagaiak) eta beren arteko erlazioen bilatzaile baten lehen prototipo honek medikuntza-gaien inguruko gaztelaniazko artikulu zientifikoen laburpenen corpus baten gainean funtzionatzen du. Corpus hori eskuz etiketatu da, sendagaien erreakzio kaltegarrien detekzio automatikoko sistema bat entrenatu eta ebaluatzeko. Etiketatutako entitateen artean daude, batetik, sendagai generikoak, sendagai-markak eta substantziak; bestetik, gaixotasunak eta sintomak. Etiketatutako erlazioen artean, berriz, kausak (zer kausak sortzen duen zer gaixotasun) eta tratamenduak (zer sendagairekin tratatzen den zer gaixotasun) daude. Bilatzailean, entitateen edo erlazioen araberako bilaketak egin daitezke, eta, ondoren, dokumentu bakoitzean detektatutako entitate eta erlazioak grafikoki ikusi.

Fabrikazio aurreratuaren alorrerako egindako demoa errealitate areagotuko telelaguntza-sistema bat da, aditu baten eta langile baten artean erabiltzeko. Demo horrek erakusten du zertan lagundu dezaketen hizkuntza- eta hizketa-teknologiek ingurune industrial zaratatsu batean. Langileak smartglass batzuk jantziko ditu eskuak lanerako libre izan nahi baditu, edo tableta bat izango du eskura. Adituak urrunetik lagunduko dio, beste tableta baten edo ordenagailu baten bidez. Adituak denbora errealean jasoko du langileak esaten duena eta bere tableta edo betaurrekoekin ikusten duena. Hala, adituak ahoz emango dizkio argibideak langileari, baina, langilea makinek eragindako ingurune zaratatsuan egon daitekeenez, sistemak automatikoki transkribatu (hizketa-ezagutza bidez) eta itzuliko (itzulpen automatiko bidez) ditu argibideok, idatziz irits dakizkion langileari. Testu hori bere gailuan erakutsiko zaio langileari, denbora errealean, ikusten ari denaren gainean, eta testuak pausoz pauso gidatuko du langilea bere langintzan. Horrez gain, aplikazioak errealitate areagotuan erakutsiko dizkio langileari adituak urrunetik emandako argibideak, gezien eta antzekoen bidez.

ElkarOla proiektuaren aurretik, 5 eragileek osatutako partzuergoak Ber2Tek (2012-2014) eta BerbaTek (2009-2011) proiektuetan jardun zuen, eta beste hiru demo egin zituen. Lehenago, Anhitz proiektuan ibili ziren elkarrekin, 2006 eta 2008 artean, eta zientzia-aditu birtual baten demoa prestatu zuten. 2002-2004 aldian, berriz, Hizking XXI proiektua gauzatu zuten.

ElkarOla proiektuaren gaineko azalpen guztiak emateko eta demoak aurkezteko atzo goizean Usurbilen, Elhuyarren egoitzan, egin zuten agerraldian, lau lagun hauek parte hartu zuten:

  • Josu Aztiria Urtaran, Elhuyarren Hizkuntza eta Teknologia unitatearen arduraduna
  • Estibaliz Alkorta Barragán, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Saila, Euskara Sustatzeko zuzendaria
  • Iosu Madariaga Garamendi, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila, Teknologia eta Estrategiako zuzendaria
  • Igor Leturia Azkarate, Elhuyarreko hizketa-teknologien arduraduna eta ElkarOla proiektuaren koordinatzailea

Josu Aztiriak azaldu zuenez, ElkarOla bi urteko proiektua izan da, baina 2002an ikuspen zabalarekin abiatutako ikerketa-bidearen azken-aurreko urratsa da. Hiru arrazoi aipatu zituen ikuspen hori azaltzeko. Batetik, esan zuen gai izan zirela duela 15 urte “gure ekonomiaren garapenarentzat eta euskararen iraunkortasun digitalarentzat giltzarria zen hizkuntza-teknologien inguruko epe luzeko proiektu bat diseinatzeko eta gauzatzeko”. Bestetik, nabarmendu zuen euskararen putzuetatik industriaren eta berrikuntzaren putzu berrietara jauzi egitea erabaki zutela orduan, hizkuntzarekin eta euskararekin lotuta zeudela baina industria eta berrikuntzako teknologia zirela aldarrikatuz eta praktikatuz. Hirugarrenik, esan zuen gai izan zirela proiektua elkarlanean oinarritzeko, partzuergoko kideen esperientzia eta jakintza elkarren osagarri izan zitezen. Bestalde, Aztiriak esan zuenez, hizkuntza-teknologiei lotutako sektore ekonomikoa indartzeko nahia dago Europan, “hazkunde eta enplegu kualifikatuaren iturri izateaz gain, gai delako hizkuntzen hesiari, Europa eleaniztunari eta erronka sozial ugariri erantzuteko. Europako erreferentzia-polo garrantzitsuenetako bat izan nahi dugu, eta Europako gainerako estatu-hizkuntzek duten garapen digitalera eraman nahi dugu euskara”.

Estibaliz Alkortak honela esan zuen: “Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak ahalegin handia egiten du euskara IKTetan sustatzeko, eta urtero diruz laguntzen ditu hainbat proiektu erakargarri. Hezkuntzan, lan-munduan edota aisialdian euskara sustatzea ezinbestekoa den bezala, funtsezkoa da teknologia berrietan ere gure hizkuntzari bidea zabaltzea, arlo hori gainerako guztiekin estu-estuki lotuta baitago. Eskertzekoa da ElkarOla bezalako proiektuen bidez euskara teknologia berrietan txertatzeko egiten den lana”.

Iosu Madariagak zoriondu egin zuen partzuergoa orain arte egindako lanagatik, eta adierazi zuen bete-betean egiten duela bat ElkarOla ikerketa-proiektuaren ildoak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailaren lanarekin, eta bereziki Teknologia eta Estrategiako Zuzendaritzaren lan-ildoekin. Bere hitz-hartzearen amaieran, gainera, primizia bat eman zuen Madariagak, zuzenean eman baitzuen 2017ko Elkartek diru-laguntzen ebazpenaren berri. Esan zuenez, “onartu berri dugu 2017an ElkarOla ikerketa-proiektuaren ondorengoa, BerbaOla, diruz laguntzea”.

Azkenik, Igor Leturiak 3 demoak aurkeztu zituen, eta adierazi zuen espero dutela “luze gabe ikerketa-proiektu honen emaitzak aplikazio errealetan gauzatu eta merkaturatzea”.

Iturria:

www.sustatu.com

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago