Arabako basozainek, pairatzen ari diren gabeziak azaleratzeko asmoz, elkarte berri bat eratu dute. Basozainen interes profesionala defendatzeaz gain, taldea bateratzeko eta garatzeko eta lanbidea ezagutarazteko helburua dutela jakinarazi dute.
Hala, salatu duten lehenengo gauza langile falta izan da. Orotara, 34 langile dituzte Arabako azalera guztia kudeatzeko, horietatik 28 basozainak dira, eta gainerakoak ehizazainak eta arrantzazainak. Gipuzkoan eta Bizkaian, ordea, 49 eta 64 langilek, hurrenez hurren, kudeatzen dituzte lurraldeak. Kontuan izan behar da Arabako lurralde historikoaren azalera gainerakoena baino zabalagoa dela.
Era berean, lurraldearen %26,4 Natura 2000 sarearen barruan dagoela nabarmentzen dute, eta horrek "ahalegin handiagoa eskatzen du gune horiek kudeatzeko orduan". Langile gutxi izateak segurtasun falta dakarrela adierazi dute; izan ere, ehiztari, arrantzale edo suteen itzaltzearen kontrol nahikorik ez egotea ekar dezake.
Horrez gain, zerbitzuak bermatzeko behar besteko lanabesik ez dagoela eta arropa desegokia dutela salatu dute.
Bide batez, Arabako Basozain Profesionalen Elkarteak orrialde bat sortu du Facebook-en, elkartearen berri emateko.