Ez da lehenengo aldia, eta hainbaten ez da azkena ere izango: Legebiltzarkide batek sailburu bati galdera zehatz bat egin, eta azken honek erantzuna beharrean, beste edozer bota.
Horixe gertatu zaio gaur Rebeka Uberari. Galdetu dio Estefanía Beltran de Herediari "ondo iruditzen" ote zaion "Ertzaintzak kudeatzen duen sarrera gune horretan (Legebiltzarrekoan), herritarron eskubideak urratzea?"
Erantzunik ez du jaso. Ez dakigu sailburu andreari ondo ala txarto iruditzen zaion Legebiltzarreko atean ertzain elebidunik ez egotea. Ez dakigu ondo ala txarto iruditzen zaion Ertzainek ez betetzea Gernikako Estatutuaren 6. artikulua, ezta 10/1982 Legearen 5. artikulua, zeinak hauxe dioen:
"1.- Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, bai ahoz eta bai idatziz.
2.- Euskal Herriko herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie:
a) Administrazioarekin edota Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz. (…).
3.- Herri-aginteek eskubide hauen erabilera ziurtatuko dute Autonomia Erkidegoaren lurraldean, eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen".
Ez jakitearren, ez dakigu bihar bertan ertzain elebidun bakar bat behintzat jarriko ote duen Legebiltzarreko atean. Horixe baita arazoa konpontzeko behar den neurri bakarra: ertzain elebidun bat, txandako. Alegia, irekiera-orduetan dauden bospasei ertzainetako bat elebiduna izatea.
Dena dela, albistea Unai Urruzunoren haserrealdia izan da, ez euskarari erakutsiriko errespetu falta. Eta niri zalantza geratu zait, zergatik haserretu ote den hainbeste Urruzuno: Beltran de Herediaren erantzunagatik, ala justu lehenago Bingen Zupiria sailburuak esandakoengatik. Hauxe esan du sailburuak, berbaz berba: "Fomentar el uso del euskera y promover su visibilidad son los principios inspiradores de las políticas públicas que nos planteamos en el ámbito de la política lingüística. Démosle visibilidad y usemos el euskera (…). Erabilera sustatzeko lehentasun osoa eman behar diogu hitz egin eta ulertzeko gaitasunari, ahozko erabilerari. Lehentasun hau, arlo eta eremu guztietara zabaldu behar dugu gainera. Beharrezkoa dugu hezkuntzan, beharrezkoa dugu helduen euskalduntze eta alfabetatzean, haur eta gazteen eskolaz kanpoko kirol aldi eta aisialdian. Herritarrekin harreman zuzena duten zerbitzu publikoetan, enpresetan eta arlo sozio-ekonomikoan".
Bost minutuan, gauza bat esan eta haren kontrakoa egitea defendatu dute Jaurlaritzako kideek. Parekotasun bat egitearren: 'Euskadi auzolana' esan, baina auzolotsan geratu.