Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen enplegu eskaintzan izena emateko epea zabalik

Erredakzioa 2017ko eka. 20a, 10:33

Guztira 80 plaza eskainiko dira, eta izena emateko epea uztailaren 9ra arte egongo da zabalik.

Gaur zabaldu da Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak deitu duen enplegu publikoaren eskaintzan parte hartu ahal izateko eskaerak aurkezteko epea. Guztira 80 plaza eskainiko dira, eta izena emateko epea uztailaren 9ra arte egongo da zabalik.

Atzo argitaratu zuen Estatuko Aldizkari Ofizialak (EAO) deialdiaren iragarkia, eta horrela, hautaketa prozesuetan parte hartu nahi duten pertsonek gaur hasten den 20 eguneko epea izango dute arauzko eskaera aurkezteko.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen enplegu publikoaren atarian aurkeztuko dira eskaerak: www.araba.eus/ifbs/portalempleo/. Eskaerak dagokion tasaren ordainketa telematikoa hartzen du barne.

2006tik, lehena

2006tik egiten den lehenengo enplegu publikoko eskaintza da Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen Sailaren menpeko erakunde autonomoan. Hain zuzen, plaza hauek eskainiko dira: 36 administrari, 16 sukaldari laguntzaile, zazpi mediku (geriatra, familiako mediku edo barne mediku), administrazio orokorreko goi mailako bost teknikari, bost pedagogo, lau fisioterapeuta, informatikako bi teknikari laguntzaile, laneko mediku bat eta langileen erdi mailako teknikari bat. Guztira, 73 plaza eskainiko dira lehiaketan, sistema ireki bidez, eta zazpi barne sustapeneko txandarako gordeko dira. Desgaituentzako bost lanpostu gorde dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago