Jon Maia bertsolariak Berriak jaio ginen liburu autobiografikoa aurkeztu zuen atzo Oihaneder Euskararen Etxean. Lan berri honetan, 80ko eta 90eko hamarkadetan Maiak lehenengo pertsonan bizi izan zuen bertsolaritzaren eraberritze sakona bere hitzetan kontatzen du; garai horren bere argazki pertsonala egin du. Hala, urte horietan, bertso eskoletako lehen bertsolari gazteak plazetara iristen hasi ziren, bertsoa erdal eremuetan sartzen, espazio berrietara, garaikideak ziren beste kultur adierazpen batzuekin harreman artistikoak sortu ziren eta horrela, gaur egungo bertsolaritzaren argazkira iritsi arteko eboluzio bati hasiera eman zitzaion.
Horretarako, Maiak bizipenak eta hausnarketak tartekatzen ditu, bertsolaritza modernoaren eta orduko garaiaren erretratu bat eginez. Egileak berak "lehenengo bertsolari in vitroen belaunaldia" deritzonaren bizipenak eta kezkak hainbat gaietan ematen dira: jardun artistikoa, identitatea, tradizioa eta modernitatearen arteko talka, hizkuntzarekiko esperientzia pertsonala, politika, giza-harremanak...
Bertsolaritzarekiko interesa gainditzen duen entsegu autobiografikoa osatu du egileak, euskal kulturaren garai hartako esparru eta adierazpide ugari ukituko dituena. Belaunaldi, garaikideen eta lagunen arteko elkarlanean: Unai Iturriagaren ilustrazioz eta marrazkiz osatuta dator liburua eta Igor Elortzaren hitzaurrea du.
Berriak jaio ginen liburua 20 euroan eros daiteke, www.lanku.eus webgunean eta ohiko liburudendetan.