Baskonia hasi da datorren urteko jokalari multzoa osatzeko lanetan, eta Janis Timma (24 urte, 2'01 metro) hegaleko letoniarra izan da aurtengo lehen fitxaketa. Hiru denboraldirako kontratua sinatu berri du San Petersburgoko Zenit taldetik datorren hegalekoak, eta iazko denboraldian 13'6 puntu, 4 errebote eta 2'6 asistentzia eskuratu zituen batez beste.
Etorkizun oparoa izan dezakeen jokalaria dela esaten dute aditu askok eta Europako talde asko bere atzetik ibili arren, Baskoniak lortu du kontratua. Timma jokalari fisikoa da, eta ezaugarri horiek defentsan eta errebotea ixteko orduan antzematen zaizkio. Horrez gain, eskumutur fina dauka kanpoko jaurtiketan eta erasoan jokatzeko erraztasuna.
Shengeliak 2020 urtera arte luzatu du kontratua
Aurtengo denboraldian zehar Toko Shengelia georgiarrak NBAn jokatzeko ilusioa zuela adierazi bazuen ere, Baskoniarekin daukan kontratua 3 urtez luzatu berri du, eta, modu horretan, etorkizuneko proiektuaren oinarrietako bat izango da.
Baskonian hiru urte eman ondoren, aurtengoa izan du denboraldirik onena eta arrazoi horregatik talde asko bere atzetik ibili dira azken boladan, tartean Andres Nocioniren ordezko bila dabilen Real Madril. Baina, atzoko egunez, Toko Shengeliak Gasteizko taldearekin daukan akordioa hiru urterako berritu duela adierazi zuen, eta horrez gain, "Baskoniaren historiaren parte" izan nahi duela nabarmendu zuen. Oso harro sentitzen omen da Baskonia bezalako talde batean jokatzen, eta Zurbaoko taldearen izaera lehiakorrarekin guztiz bat egiten duela argi utzi du.