Doako eskola garraioa bermatzeko deia egin dute

Juanma Gallego 2017ko eka. 9a, 12:00

Eskola garraioa bermatzen du Jaurlaritzak, baina soilik Derrigorrezko Hezkuntzako ikasleen kasuan. | Juanma Gallego

Guraso elkarteek salatu dutenez, DBHtik gorako ikasleek eguneko lau euro inguru ordaindu behar dituzte ikastetxera joateko.

Eskola garraioa dela eta, kexu agertu dira Samaniego ikastetxeko (Guardia) eta Aniturri ikastetxeko (Agurain) guraso elkarteak. Salatu dutenez, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa egiten duten ikasleek beraien poltsikotik ordaindu behar dute ikastetxera joateko autobusa. 

Eskualde horietako egoera berezia kontuan hartuta, garraio hori beste lekuetan baino askoz garestiagoa dela esan dute. "Gasteizen, esaterako, ez dago arazorik, garraio publikoa bermatuta dagoelako", esan du Roberto Martinez Aniturri ikastetxeko Guraso Elkarteko ordezkariak. "Bizkaian eta Gipuzkoan, arazo puntualak egon badaitezke ere, garraio publikoarekin konpontzen da arazoa. Baina Lautadan eta Arabako Errioxan ez dago behar adinako garraio publikorik, eta hori arazo bat da ikasleentzat".

Samaniego ikastetxeko Guraso Elkarteko Blanca Casadok, bestetik, zenbakiak mahai gainean jarri ditu: "Gasteizen bizi bazara, oinez joan zaitezke ikastetxera; edo 1,2 euro inguru ordainduta, autobusa edo tranbia har dezakezu. Gure kasua oso bestelakoa da. Guri, joan -etorria 4,5 euro inguru kostatzen zaigu. Urteko 750 euro, alegia". 

Orain arte kopuru hori Eusko Jaurlaritzaren bidez jasotzen dutela iragarri du Casadok, baina ez modu ofizialean. "Diru hori urtero ematen digute, baina eskupetik egiten da, beste hainbat partidatatik aterata, eta zuzenean garraioari lotuta egon gabe. Horrek segurtasun eza eragiten digu, ez dakigulako jasoko ote dugun, ezta emango diguten kopurua  zein den ere". 

Aurtengo egoera jarri du adibidetzat: "Aurten ez dakigu diru hori jasoko dugun. Ez bazaigu heltzen, gurasoengana jo beharko dugu, diru eske. Gainera, guraso elkartekoak gara horren erantzule, ikastetxeek ezin dutelako garraioaren kudeaketa egin. Tira, kontu kuriosoa da: eskola garraioaren guraso kudeatzaileak gara!"

Ikasle horiek DBHko ikasleek erabiltzen duten autobus bera erabiltzen dutela  azaldu dute. Ezberdintasun bakarra da 16 urtetik gorakoek ordaindu behar dutela. Eskualdeetako ezaugarriak kontuan izanda, bidaia luzeak dira. Arabako Errioxaren kasuan, adibidez, 45 minutu inguru dira 12 kilometroko ibilbidea egiteko. Baina horretan bi ordezkariak ados daude, eta onartzen dute hori konpontzea zaila dela. "Badakigu herri batean bizi garela eta hori ordaindu beharreko prezioa izan daitekeela. Baina autobusa egonda, ordaindu behar izatea oso bestelako kontua da", dio Martinezek.

Babes eskean

Arazoari irtenbidea bilatzeko, gurasoen ordezkariak instituzioetan izan dira azken asteotan. Pasa den astean, Arabako Batzar Nagusietan egon dira; asteartean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean azaldu dute egoera. Talde politikoen partetik harrera ona antzeman dutela diote, baina orain   politikarien hitzak gauzatu behar dira.

Araudia aldatzea ezinezkoa izango dela onartu du Casadok, derrigorrezkoa ez den hezkuntzaren kasuan garraioa Jaurlaritzaren eskumenetik kanpo dagoelako. Baina politikariek egoera konpontzeko modua topatuko dutela espero du. "Lurralde orekaren ikuspuntutik, Diputazioaren bitartez edota hitzarmen berezi bat sinatuta, adibidez. Ez da diru asko: guraso elkarte bakoitzeko, 10.000 - 15.000 euro inguru urtero. Tira, ez dut uste horrekin Erkidegoaren aurrekontuak kolokan jarriko ditugunik".

Bat dator Martinez: "Helburua ez da gure arazo konkretua konpontzea, herrietan bizi den jendearen egoera konpontzea baizik. Murgian, adibidez, ikastetxetik hiru kilometrotara baino gehiago bizi diren ikasleen egoera ere hor dago: gazteek oinez joan behar dute".  

Egoera bideratu ezean, irtenbideak bilatzen jarraituko dutela gaineratu du Casadok. Bestela, etorkizun iluna ikusten du. "Oiongo gurasoek, adibidez, semeak Logroñora eramatea erabaki dezakete, bertan ikasteko; finean, badakitelako hori eginda prezio erdia ordainduko dutela".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago