Kontzertuen ordutegiak aurkeztu ditu Azkena Rockek

Erredakzioa 2017ko eka. 7a, 09:30

Jaialdia ekainaren 23an eta 24an izango da, eta, besteak beste, The Cult, Chris Isaak, John Fogerty eta The Hellacopters taldeek joko dute.

Dena prest dago aurtengo Azkena Rock jaialdirako. Izan ere, antolakuntzak kontzertuen ordutegien berri eman du. Ostiralean, esaterako, John Fogerty, Cheap Trick, The Hellacopter eta Graveyarden txanda izango da. Larunbatean, aldiz, Chris Isaak eta The Cult taldearena, beste askoren artean.

Aurtengo berritasunen artean, ordaintzeko modu bakarra onartuko da jaialdiaren barruan; cashless era, hain zuzen ere. Bertaratzen direnek ezin izango dute zuzenean diruarekin ordaindu; aurretik, sartzeko emango zaien eskumuturrekoa kargatu behar izango dute, eta horrekin erosketa guztiak egin. 

Sarrerei dagokienez, oraindik erosteko aukera dago. Bi egunetarako abonamendua 98 eurotan (+gastuak) eros daiteke. Eguneko sarrerak 55 euroko prezioa du.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago