Gaur hasiko da Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa, EAEn. Guztira, 10.700 ikasle inguruk egingo dute proba hau: 9.994 dira Batxiergoa amaitu dutenak; gainontzekoak, 670 ikasle, Lanbide Heziketatik datoz. Azken hauek goi mailako heziketa ziklo bat egin dute, eta fase espezifikora aurkeztuko dira.
Araban, 1.427 ikaslek aurre egingo diote hiru eguneko probari: Batxilergoko 1.350, eta beste 77, LHkoak dira.
Azkerketak
Probak hiru egunetan zehar egingo dira, ostiralera arte, eta bi fase izango ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Espainiako historia; lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.
Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari dagokio eta %40 fase orokorrari) bost puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez lau puntu lortu baditu.
Onarpen fasea, berriz, borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan, alegia, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan.
Datak
Unibertsitatera sartzeko probak ekainaren 7an, asteazkena, 8:45ean hasiko dira eta 18:45ean bukatu. Bigarren egunean, osteguna, hilak 8, azterketak 9:00etatik 18:45era arte izango dira eta, hirugarren egunean, ostirala 9, 9:00etatik 15:00etara.