Agintaldia bukatu baino lehen, motorzale, txirrindulari eta gidarientzat arriskutsuak izan daitezkeen errepide bazterretako segurtasun hesiak kenduko ditu Aldundiak. Hala, Zaldiarango mendatean geratzen diren era horretako azken tarteetako hesiak aldatuko dituzte.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko diputatu Josu Lopez Ubiernak iragarri bezala, T bikoitzaren edo IPN itxurako lokailuak dituzten hesiak dira kenduko dituztenak, hau da, garraio istripuetan mozketak eragin ditzaketenak. Horietako gutxi batzuk baino ez direla geratzen azpimarratu du: "Gutxi dira egun era horretako babes hesiak; izan ere, hamabost urte baino gehiago dira halakoak erabiltzeari utzi zitzaiola".
Zaldiarango mendatean, hain zuzen, oraindik mota horietako hesiak ditu; zehazki, 4.230 metro segurtasun hesi ditu, horietatik 366 metro lurrera iltzatuak T bikoitz itxurako zutoinekin. "Agintaldia bukatu baino lehen aldatuko ditugu hesi horiek, bidea erabiltzaileentzat seguruagoa egiteko, batez ere, motorzale eta txirrindularientzat".
Era berean, Arabako bide sare guztia ikuskatuko du Diputazioak, oraindik ere halako besterik dagoen ikusteko, eta balego, aldatzeko. Foru diputatuak azaldu du Arabako errepideak egokitzeko eta hobetzeko proiektuek zehatz-mehatz betetzen dutela babes hesi eta haien zutoinen erabilerari buruz indarrean dagoen araudiak xedatutakoa, baita motorzaleen babeserako arau bereziek xedatutakoa ere. "Azken urteetan ugaritu egin dira azken era horretako hesien jartzea, eta errepideen foru sareak era horretako 17 kilometro hesi baino gehiago ditu, egun".
Momentuz, guztira, 30.000 metro babes hesi berri jarri dira, eta beste 30.000 metro hesi jartzea aurreikusten dute, eta horietatik 2.000 metro baino gehiago motorzaleentzako izango dira.