Zergatik sartu naiz ni saltsa honetan? Ez pentsa, behin baino gehiagotan egin diot nire buruari galdera hori. Suak itzaltzen egotetik atril batera igotzera. Hori izan da nire saltoa hilabete gutxitan. Aitortu behar dut, bileraz bilera egotera ohituta negoen, baita mikrofonoen aurrean hitz egitera ere. Orain lehen lerroan nago eta erantzuna berehala etortzen zait burura: momentua zen, pausua eman behar nuen eta konpromisoari heldu behar nion.
Hori bai, jakin banekien talde ona, zabala eta langilea genuela atzean. Bestela jai genuen. Nolabait esateko, nire kideekin batera iceberg bateko punta gara. Baina beheko izotz hori ez urtzeko atzean dugun talde izugarri hori antolatu eta egituratu behar dugu. Bestela, azukre-koxkor bat kafesnean desegiten den bezala indarra galduko genuke. Horregatik, funtsezkoa da EH Bilduren prozesu eratzailea. Hori lortzen badugu, ez da gure iceberga urtuko duen klima aldaketarik.
Herrialde honetan etorkizuna EH Bildu da, eta beste hainbat indarrekin batera aldaketa gure eskutik helduko da. Eta aldaketa hori guztion artean eztabaidatu, adostu eta eraiki behar dugu. EH Bildu berria parte-hartzailea izango da edo ez da izango. Eta guzti-guztiok, baita beste alderdi baten kide ez garenok ere, prozesu horretan parte hartzeko aukera izan behar dugu.
Hori guztia kalean oinak izanda. Batzuk herri mugimendutik gatoz eta ziur gaude mugimenduaren izaera izan behar duela EH Bildu berriak. Bai, ezin gara beste alderdi batzuk bezalakoak izan. Baina horretarako ere egitura bat behar dugu eta parte hartzeko mekanismoak egokitu behar ditugu. Izan ere, EH Bildu anitza da eta hori izan da, hain zuzen, arrakastaren arrazoia. Jatorri ezberdineko euskal herritarrak biltzeko gaitasuna izan genuen eta bide horretatik jo behar dugu.
Erronka ez da nolanahikoa. Euskal Herriak aldaketa sakon baten beharra du eta hori guztia Euskal Herria Bilduren eskutik helduko da edo ez da izango. Estatua demokratizatzeko baldintzarik ez dago eta ez da egongo eta autonomismoaren aroa erabat agortuta dago. Euskal Errepublika ipar-orratza izanda aurrera egin behar dugu. Solik horrela demokrazia eta justizia sozialean oinarritutako herria lortuko dugu, eta, noski, ingurua eta lurra defendatzen duen herria. Hortaz, esandakoa, lan mordoa dugu aurrean eta indarrak batu behar ditugu. Horretarako, ezinbestean, herritarron neurrira egin behar dugu EH Bildu berria.
Mikel Otero, EH Bilduko legebiltzarkidea