Emari ekologikoak urtearen sasoiaren araberako gutxieneko emariak dira; ibaiak berezko dituen ekosistema funtzioak betetzea ahalbidetzen dute. Inglares ibaian ez dira Ebroko Ur Konfederazioak ezarritako emari ekologikoak errespetatzen; horrenbestez gero eta maizago lehortzen da ibaia, eta bere ekosistema arriskuan dago.
Egoera larriaren inguruan hitz egiteko bildu dira Uraren Euskal Agentzia, Arabako Aldundia eta Urizaharra eta Zanbranako Udalak. Urak egoeraren azterketa teknikoa egingo du; ondoren, Ebroko Ur Konfederaziora joko dute erakundeek, neurriak har ditzan. Konfederazioak ezarri eta kontrolatu behar du Inglaresen emari ekologikoa, eta hori da hain zuen ere eskatzen diotena. Erakundeen bilkura azken hilabeteotan jazo diren hainbat salaketen harira etorri da.
Izan ere, Zadorra Bizirik plataformak martxoaren 26an salatu zuen Inglares ibaia astebetez lehortu zutela. Plataformaren arabera, Bergantzuko zentral hidroelektrikoa hornitzeko eta lurrak ureztatzeko lehortu zuten ibaia. Andres Illana plataformako kideak ohartarazi zuen: "Euskal Autonomia Erkidegoan egoera onena duen ibaia da, Arabako Hegoaldeko Babes Bereziko Eremuan dago, igarabak daude eta bisoi europarra egon daiteke. Gutxieneko emari ekologikoa bermatzeko obligazioa dute, baina ez dute jaramonik egiten".
Aitor Abecia Zanbranako alkateak ere adierazi du behin baino gehiagotan Bergantzuko zentral hidroelektrikoak zein Sonsierrako eta Zanbranako ureztatzeko elkarteek Inglaresetik ura biltzeko duten kontzesioak ez direla errespetatzen: "Errioxako nekazariek baimena dute Inglaresetik ura ateratzeko, abendutik maiatzera bitartean, baina irregularki ureztatzen dituzte laboreak Uraren eta Ebroko Ur Konfederazioaren zaindariak ez daudenean, adibidez, jai egunetan".
Legez kontra eginiko ur bilketek gehien kaltetu duten inguruen artean, Inglares ibaiaren Herrerias ur-jauzia dago. "Zanbranako Udalak zortzi kilometroko ibilbide zirkularra berreskuratu du, balore ekologiko eta historiko handia duen gunea da; ezin ditugu eraso hauek onartu", esan du Abeciak.
Dena dela, martxoan salatutako gertakaria ez da salbuespena; handia da Inglaresen gainean dagoen giza-presioa, eta ez da errespetatzen ibaiaren ekosistema zaintzeko ezinbestekoa den emari ekologikoa. Hala jasotzen da, esate baterako, Baso Zientzien Espainiako Elkarteak 2015. urtean argitaratu zuen azterketa batean. Bertako amuarrainen populazioa babesteko, Inglares ibaiaren gutxieneko emari ekologikoa zehaztea bilatzen zuen aipatu ikerketak, beste neurri batzuen artean.
Naturari trabak
Hainbat neurketa egin zituzten teknikariek ibaian 2014. urtean zehar: uraren abiadura, sakonera, substratu mota… ikertu zituzten. "Helburua izan behar da ibaiaren zati guztietan emari naturala mantentzea, aldaketarik gabe. Ibaiaren dinamika naturala jarraituz gero, Inglaresen ekosistemaren funtzionamendu egokia bermatuko da, baita faunaren zein floraren espezie guztien garapena ere". Alta, emaitzek agerian utzi zuten Ebroko Ur Konfederazioak onartutako emari-erregimenek Inglareseko habitata kaltetzen dutela: "Ez da errespetatzen ibaiaren gutxieneko emari ekologikoa".
Halaber, Inglaresen ibilguan, XIX. mendean eraikitako presak ibaiaren ekosisteman "eragin txarra" duela nabarmendu du ikerketak: "Kalteak bi arrazoirengatik gertatzen dira: presak ibaiaren emariaren zati handi bat hartzen du, eta gainera arroaren goiko zatiaren eta erdiko zatiaren arteko lotura naturala trabatzen du. Hortaz, tokiko arrainen joan-etorri naturala eta animalien ugalketa oztopatzen du". Hala ere, gaur egun presak funtzio garrantzitsua du Inglaresko urak zentral hidroelektrikora bideratzeko, alde batetik, eta Bastidako mahastiak zein Zanbrana eta Berantevillako labore intentsiboak ureztatzeko, bestetik.