Azken txanpara heldu da 'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpaina

Erredakzioa 2017ko eka. 1a, 09:44

Ekainaren 10era bitartean, erosketa-txekea erabiltzeko epea izango dute parte hartzaileek.

Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren aurtengo edizioa bere azken txanpara iristen ari da. Izan ere, liburuak irakurri eta gozatzeko epea amaituta, orain erosteko eta oparitzeko garaia da. Ekainaren 10era bitartean, liburutegietan jasotako erosketa-txekea dendetan erabiltzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.  

Horrez gain, maiatzeko parte-hartzaileen artean 30 euroko erosketa-txekea zozketatuko dute. Txekea erabiltzeko liburudendei dagokionez, hauek dira Araban parte hartuko dutenak: Anegon, Aranbide, Arlekin, Astrolibros, Ayala, Casa del Libro, Eguzki, Elkar, Jakintza, Mara-Mara, H. Mendi, Saga eta Zuloa.

Funtzionamendua

Topaguneak antolatutako kanpaina martxoaren 20tik maiatzaren 31ra egin da, eta aukeratutako leloari jarraiki, 1001 mundu topatzeko aukera izan dute ekimenera hurbiltzen diren adin guztietako irakurleek.

Aurreko edizioen filosofia mantenduz, hiru pauso baino ez dira behar esperientziaz gozatzeko. Herriko edo auzoko liburutegira hurbiltzea da lehena, bertan liburu bat maileguan hartzeko. Liburua eskuetan izanda, bertan azaltzen diren istorio eta pasadizoak gozatzeko aukera izango du irakurleak. Ondoren, ez ahaztu, liburutegira bueltatu behar da liburua. Bertan fitxa bat eskatu ahal izango du irakurleak, liburuaren inguruan bere iritzia eman ahal izateko.

Horren bueltan, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari. Txekearen bitartez, hitzartutako liburutegian %35eko deskontuarekin beste liburu bat erosteko aukera izango du parte-hartzaileak. Azken pausua, liburudendan eskuratutako liburu berria gozatzea izango da. Norberaren esku egongo da liburu hori beste norbaiti ematea edo, norberaren buruari oparitzea.

Iaz bezala, 50 bat tituluz osatutako liburu zerrenda osatu dute antolatzaileek. Nabarmendu behar da, ordea, iradokizunak baino ez direla. Izan ere, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, "euskarazko literatura oso bat dago" irakurleen zain.

Erlazionatuak

1001 mundu bizitzeko parada

Juanma Gallego 2017 mar 24 Kultura

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago