Lansarean.eus lana euskaraz bilatu, lana euskaraz eskaini eta euskaraz lan egin nahi duen komunitatearen eskura dagoen baliabidea da, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak sortu eta kudeatzen duena.
Orain dela hilabete lan-atari berritua aurkeztu genuen, maila profesionalean “lehen aukera euskara, lan aukera euskaraz” sustatzeko helburuarekin. Horretarako, enpresa eta hautagaiak harremanetan jartzen dituen tresnaren onurak aurkezten dituen bideo bat zabaldu genuen, lan-atariaren erabiltzaileak protagonista gisa harturik. Berria, Oreka IT, Arteman Komunikazioa, Ikerlan eta Kide Aholkularitza enpresetako profesionalek azaldu ziguten enpresa edo-eta hautagai bezala zertan lagundu dien lansarean.eus-ek.
Berrikuntzak alor ezberdinetan egon dira, diseinu, funtzionalitate eta bestelakoetan. Horien artean azpimarragarriak dira lan abisuak jasotzeko aukera edo orientazio zerbitzua eta formazio eskaintzaren atalak. Azken horretan, ikastaro, tailer, foro... ezberdinei buruzko informazioa zabalduko dugu, formazio ikastaroak euskaraz egiteko aukera izatea ibilbide profesionala euskaraz garatzeko faktore ezinbestekoa iruditzen baitzaigu.
Horrenbestez, Bai Euskarari Elkartetik deialdia egin nahi dugu Bai Euskarari ziurtagiridunen komunitateko eta bestelako edozein enpresa, elkarte, erakunde edo banakakoari eskaintzen duen euskarazko formazioaren berri guri bidaltzeko eta lan-atariaren bidez zabalduko dugu.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.