Kyle Kuric Gran Canariako jokalariak eskura izan zuen bere taldea final-erdietan sartzeko aukera; baina azken segunduetan huts egindako hiruko jaurtiketak garaipena gasteiztarrei eman zien.
Kanporaketako hirugarren partidari gogoz ekin zioten kanariarrek eta joku maila altua jarri zioten lehiaketari hasierako minutuetan. Bi taldeak fin aritu ziren lehen laurdenean, hiruko jaurtiketetan, eta horri esker markagailuan gasteiztarrek gertutik jarraitu zituzten kanariarrak (20-23).
Tadas Sedekerskis gaztearen birrintzeak eta Ricky Ledo fitxaketa berriaren saskiratzeak lehendabizikoz jarri zuten Baskonia aurretik markagailuan (32-28). Kanpotarrek, halere, ez zuten amore emateko asmorik, eta porrotak lehiaketatik kanpo geratzea suposatzen zuela jakinik, tentsioa nabaria zen bi taldeetan. Parekotasun horrekin hartu zuten bi taldeek aldageletarako bidea (39-39).
Hirugarren laurdenari gogotsu ekin zioten kanariarrek eta 8 puntuko partzialari esker abantaila hartzea lortu zuten. Baskoniazaleak momentu horren garrantziaz jabetuta, taldeari babesa ematen jarraitu zuten eta etxekoak pixkanaka partiduan sartzen joan ziren berriz ere.
Sito Alonso entrenatzaileak bi joku antolatzaileak, Larkin eta Laprovittola, aldi berean kantxan jarri zituen eta horri esker Luis Casimirok planteatutako defentsa zonala gailentzea lortu zuten. Horrez gain, antolatzaile argentinarrak Albert Oliver beteranoaren gainean egindako defentsa gogorrak, Baskoniari korrika egiteko aukera eman zion eta jokoaren kontrola bereganatu zuen Zurbaoko taldeak. Kanariarrek jaurtiketa libreen marratik lortzen zuten puntuz-puntu markagailuko aldeak ez handitzea.
Horrelakoetan gertatzen den bezala, bi taldeetako edozeinek eskuratu zezakeen garaipena eta kanariarrek eskura izan zuten hori lortzeko azken jaurtiketa. Kyle Kuricek jaurtiketa huts eginda, garaipena gasteiztarren esku geratu zen, baina kanporaketan parekatua izan da, eta bi taldeetako edozeinek izan du aurrera egiteko aukera.
Baskoniak final-erdietan aurkari, Bartzelonari hirugarren partida irabazi zion, Valencia Basket taldea izango du. Asteartean ekingo diote kanporaketari bi taldeek, Gasteizen, 20:30ean.
73 - Baskonia (20+19+17+17): Larkin (10), Beaubois (3), Hanga (11), Tillie (14) y Diop (2) -hasierako bostekoa-, Voigtmann (13), Blazic (-), Shengelia (-), Laprovittola (12), Ledo (2) y Sedekerskis (6).
71 - Herbalife Gran Canaria (23+16+18+14): McCalebb (6), Salin (12), O'Neale (2), Báez (18) y Pasecniks (7) -hasierako bostekoa-, Aguilar (-), Oliver (10), Kuric (7), Planinic (4), Hendrix (2) y Rabaseda (3).