Atzo, maiatzaren 25ean, banatu ziren Aenkomer-ek antolaturiko Arabako Udaberriko Erakusleiho lehiaketaren sariak. Merkatari askok parte hartu dute aurtengo edizioan eta, euskararen alorrean, Elkar-ek eta Errota Hortz Klinika izan dira irabazleak.
Bai Euskarari-ko zuzendariak, Rober Gutiérrez-ek, Elkar (Bai Euskarari ziurtagiriduna) liburu dendari eman zion saria erakusleihoan euskara ondoen erabiltzeagatik; Ane Agirregomezkortak jaso zuen Elkar-en izenean eta, gainera, Aenkomer-ek eskainitako bigarren sari teknikoa jaso zuten.
Bai Euskarariko Zuzendariak aukera baliatu zuen euskarak produktu eta zerbitzuen kontsumoan duen balioa nabarmentzeko eta bezeroaren ikuspegitik duen garrantzia azpimarratzeko; izan ere, erosketa hautaketa prozesuan, hizkuntza oso kontutan hartzen den irizpidea da eta oso lotuta dago asebetetze zein zerbitzuaren kalitatearekin. Gutiérrez-ek gehitu zuen euskararen bidean urrats asko eman daitezkeela, ahozko eta idatzizko zerbitzua euskaraz ematen ez badute ere, hizkuntza paisaian, publizitatean eta abarretan pausoak eman ditzaketela; eta Bai Euskarari Elkarteak, beste batzuen artean, bide horretan laguntzeko baliabideak eskaintzen dituela.
Bestetik, Errota Hortz Klinika, Bai Euskarari Ziurtagiriduna ere, izan zen Aenkomer sariduna, euskararen sustapenaren kategorian. Eskertzeko, hitz hauek parteketu zuten publikoarekin:
"Ezer baino lehen, eskerrak eman nahiko genituzke sari hau guri eman izateagatik.Hemen gauden guztiok gizarteari zerbitzuak eskaintzea dugu langai nagusi, eta, guk, euskaraz egiten dugu aukerak ematen duen heinean. Errota Hortz Klinikako langileok harro gaude egiten dugun lanaz, baina gure bezeroekiko dugun arretaz ere. Baina, egunerokoari euskaraz erantzuteak are harroago egoteko aukera ematen digu, modu honetan, gure aletxoa ematen baitiogu euskararen erabilera sustatzean.Ezin ahaztu, bestalde, Araban gaudela; askotan, eta kantak zioen bezala, oraindik ere “zazpigarren alaba”. Egoerak egoera hemen gaude areto honetako guztiok, Euskal Herriaren euskaduntzean gure aletxo hori ereiten. Ez al da, bada, harro egotekoa? Guk argi dugu, ez dezagun utzi euskararen erreka lehortzen."
Zorionak irabazleei!
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.