Hirugarren greba eguna dute hezkuntza publikoan

Erredakzioa 2017ko mai. 23a, 12:24
Manifestazioa Bilbo plazatik abiatu da. Irudia: Steilas

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitu dute, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan.

Gaurkoa ere protesta eguna izaten ari da unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan; zehazki, hirugarrena. LAB, ELA eta Steilas sindikatuak grebara deitu dituzte ikastetxeetako langileak, tartean, irakasleak, haurreskoletako eta Hezkuntza Bereziko langileak, garbitzaileak eta jantokiko beharginak. Gaurkoa ikasturte honetan egiten den hirugarren greba izango da; martxoaren 22an eta maiatzaren 16an izan ziren beste biak.

Sindikatuen arabera, "jarraipena zabala" izaten ari da, baina momentuz ez dute datu zehatzik eman. Eskaerak berdin mantendu dira, eta lan baldintza hobeak eskatu dituzte. Hala, azken urte hauetan Eusko Jaurlaritzak "inposatzen" ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatu nahi dituzte hiru sindikatuek. "Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, orain arteko jarrera alde batera utzi eta egoera honi irtenbidea emango dien proposamen zehatzak mahai gainean jar ditzala grebara deiturik dauden kolektibo ezberdinetan". 

Eusko Jaurlaritzak, aldiz, grebarako arrazoirik ez dagoela nabarmendu du. Batetik, ohartarazi du sindikatuen eskari guztiak ez daudela Hezkuntza Sailaren esku; bestetik, ikasturte amaiera izanik, ikasleei kalte egiten zaiela.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide