Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek eman dio ziurtagiria LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideri. Sindikatuko Euskara arduradun Edurne Larrañagak lagundu die agerraldian. Euskara normalizatzeko bidean lan mundua euskalduntzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute hiruek, eta Bai Euskarari Ziurtagiria tresna lagungarria dela funtzionamendua euskalduntzeko: auto-diagnosia egiteko aplikazioa, erakundearen hizkuntza egoeraren jarraipena, urratsak emateko akonpainamendu zein aholkularitza...
Etxaidek adierazi du Hizkuntza Politikan LABek adostutako irizpideak betetzeko tresnak sortu dituztela, eta lanean jarraituko dutela sindikatuaren erabateko euskalduntzea lortu arte. Hainbat eskualde edo sektoretan lana euskaraz egiten dutela azaldu du, eta sindikatu osoan lana euskaraz egiteko eskubidea modu sistematizatu zein kohesionatuan bermatu bitarteko urratsak ematen jarraituko dutela berretsi du.
Euskarak ere Euskal Estatua behar du, lan mundua euskalduntzeko tresnak langileon eskura izan ditzagun eta hizkuntza politika eraginkorrak susta daitezen. Bai Euskarari ziurtagiria horren erakusle bat da. Izan ere, edozein estatuk du erakunde bat bere hizkuntza ofizialean jarduten duen ziurtatzeko baliabide propioak.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.