Lau ikasletik batek 'bullying'-a jasan du ikasturte honetan

Erredakzioa 2017ko mai. 17a, 15:13

Udaltzaingoak Lehen eta Bigarren Hezkuntzan egin duen azterketaren arabera.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako lau ikasletik batek bullying-a jasan du ikasturte honetan. Horixe da Udaltzaingoak egin duen azterlanaren datu nagusietako bat. Gaur aurkeztu dute ikerketa, Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi Carlos Zapaterok, Udaltzaingoko komisariorde Kepa Sollak eta azterlanaren egileetako batek, Cristina Marchante psikologoak.  Gasteizko ikastetxeetan ziklo horietan dabiltzan 668 ikaslek erantzun dituzten inkestetan oinarritu da txostena.

Ikerketa bost ikastetxetako DBHko hamabost ikasgelatan eta beste zortzi ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 21 ikasgelatan egin da. Horren arabera, Bigarren Hezkuntzako ikasleen %23,50 izan da bullying-aren biktima ikasturte honetan, eta Lehen Hezkuntzako %25. Portaera ohikoenak erasoak, irainak edo izengoiti iraingarriak, eta ikaskideekin batera jardueretan parte hartzen ez uztea dira.

Azterlanak beste  egoera batzuk ere nabarmentzen ditu; esaterako, Bigarren Hezkuntzako ikasleen %26 izan da bullying kasuen lekuko, eta Lehen Hezkuntzako %14,39. Zentzu horretan, Kepa Sollak azpimarratu du beharrezkoa dela "biktimaren ondoan egotea eta lekukoekin lan egitea". 

Ziberbullying-a

Ikasleek teknologia berriak eta internet erabiltzeko aukera ere aztergai izan du ikerketak. Lehen telefono mugikorra 9-10 urterekin eskuratzen dute Lehen Hezkuntzako ikasleek. Gehienek interneterako konexioa dute, eta horrek ere erasoak egiteako eta jasotzeko aukerak handitzen ditu:  "agertoki berria agertu da, ziberespazioa, eta horrekin batera, ziberbullying-ean aritzeko aukera", ohartarazi du Carlos Zapatero zinegotziak. Hala, ziberbullying-ak ikasleen %6-7ri eragiten die; gehienetan txatetatik eta sare sozialetako taldeetatik kanporatzen dituzte, biktimak ezabatuz edo foroetatik alde egitera behartuz.

Egoera horiek "kezkagarriak dira, eta alarma pizten dute gizartean", beraz, Herritarren Segurtasuneko zinegotziak azpimarratu du beharrezkoa dela "ikastetxeek gatazkak indarkeriarik gabe konpontzeko heziketa eskaintzea. Portaera horiei aurre egiteko trebetasunak eman behar dizkiete ikasleei".

Udaltzaingoa adingabeen talde bat sortzekotan da, egoera horiek eta adingabeekin lotutako beste batzuk aintzat hartzeko: droga eta alkohol kontsumoak, gurasoekiko indarkeria, gazteen lonjak edo bandak.

Era berean, ikastetxeetan informazio eta sentsibilizazio lanean jarraitzen du, hitzaldiak emanez. Ikasturte honetan ia 2.200 ikaslek hartu dute parte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide