Interneten ere, lehen hitza euskaraz

Erredakzioa 2017ko mai. 17a, 14:08

Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko egitasmoa abian jarri dute.

Interneten ere, lehen hitza euskaraz lankidetza-proiektua aurkeztu dute PuntuEUS Fundazioak,  CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak, Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko. Zehazki, gaur nazioarte mailan ospatzen den Internet Egunean abian jarri dute egitasmoa.

Gaur egun, webgune batean sartzen garenean, erakusten zaigun edukia, gehienetan, gure nabigatzailearen hizkuntzaren araberakoa da. Ondorioz, nabigatzailea edo mugikorra euskaraz konfiguratuta badago, webgunea euskaraz agertuko da; bestela, berriz, erdaraz.

PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak osatzen duten lan-taldeak sarean egin dituen neurketek diotenez, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio-hizkuntza bezala. Kopuru hori bikoiztu egiten da euskaldunen artean (%10 inguru), baina hala ere, oso kopuru txikia da. Internauta teknofilo eta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (%70-80 bitartean).

"Euskaraz nabigatu ezean, webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko, eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko".

Horregatik, nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzeko kanpaina abiatuko dute aipatutako erakundeek.

Erabiltzaileei eta webguneen arduradunei deia

Kanpaina erabiltzaileei eta webguneen arduradunei zuzenduko zaie.

Alde batetik, sustatzaileek erabiltzaileak gonbidatu dituzte nabigatzailea eta mugikorra euskaratzera. Bakoitzak ahalegin txikia eginda, ekarpena egingo diogu hizkuntzaren normalizazioari. Eta, aldaketa errazteko bi baliabide sortu dituzte: automatikoki nabigatzailea euskaratzen duen plugina eta telefono mugikorra euskaratzen duen aplikazioa.

Horrez gain, haur, nerabe eta gazteei horren garrantzia azaltzeaz gainera, horiek ezagutaraztea eta erabiltzen irakastea da helburua. Horretarako, Interneten ere, lehen hitza euskaraz unitate didaktikoa prestatu da. Unitate didaktiko hori Ikastolen Elkarteko ikastoletan landu dezaten bultzatuko da, eta, era berean, beste ikastetxe guztien esku jarri eta erabiltzera animatu dituzte antolatzaileek.

Bestetik, webguneen arduardunei ere euskara lehenesteko deia egin diete sustatzaileek. Hau da, haien webguneek defektuz lehen orria euskaraz erakutsi dezaten, hautua cokieen esku utzi beharrean. 

II. Euskarazko Interneten Egunean aurkeztuko da egitasmoa

Interneten ere, lehen hitza euskaraz egitasmoa maiatzaren 17an, Euskarazko Interneten Egunean aurkeztuko zaio gizarteari. Izan ere, Euskarazko Interneten Eguna ospatzen ari da gaur ere, bigarren urtez jarraian. Aurten, Azpeitian izango da PuntuEUS Fundazioak eta Kulturaz Kultur Kooperatibak antolatuta.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide