Sindikatuen arabera, langileen %80k bat egin du grebarekin

Erredakzioa 2017ko mai. 16a, 09:31
Manifestazioa eguerdian abiatu da Bilbo plazatik.

Protestara deitu dute gaurko ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan.

Protesta eguna izaten ari da gaur unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan. LAB, ELA eta Steilas sindikatuak grebara deitu dituzte ikastetxeetako langileak, tartean, irakasleak, haurreskoletako eta Hezkuntza Bereziko langileak, garbitzaileak eta jantokiko beharginak. Gaurkoa ikasturte honetan egiten den bigarren greba izango da; lehenengoa, martxoaren 22an izan zen.

Sindikatuen arabera, langileen %80k bat egin du gaurko grebarekin; Haurreskoletako beharginen kasuan, %85ekoa izan dela gaineratu dute. Deialdia "oso jarraipen zabala" izaten ari dela uste dute sindikatuek. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera, ordea, irakasleen %45,72k egin dute greba. Hezkuntza Laguntzeko Espezialistei dagokienez, %50,22k jo dute grebara, eta Hezkuntza Sailaren menpeko sukaldeko eta garbiketa langileen artean, %43,27k. Haurreskolak Partzuergoan, berriz, %62,57 langilek egin dute greba.

Mobilizazioetan, lan baldintza hobeak eskatuko dituzte. Hala,  azken urte hauetan Eusko Jaurlaritzak "inposatzen" ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatu nahi dituzte hiru sindikatuek. "Honek guztiak egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea ahalbidetuko" duela uste dute.  Lan baldintzak eta egoera hobetu ezean, datorren ikasturtean ere greba eta mobilizazio dinamikari jarraipena emango diotela ohartazi dute LAB, ELA eta Steilas sindikatuek.

Gaur, esaterako, manifestazioak deitu dituzte EAEko hiru hiriburuetan; Gasteizkoa, 12:00etan abiatu da Bilbo plazatik. Datorren larunbaterako ere mobilizazioak egingo dituzte, 12:00etan Bilbo plazatik irtengo da beste manifestazioa.

Hurrengo greba eguna, hilaren 23an, asteartean, izango da.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide