Datozen egunotan LOMCEren araberako azkerketaren proba pilotua egitea aurreikusita dago. Zehazki, Lehen Hezkuntzan 3. eta 6. mailan; DBHn 4. mailan eta Batxilergoan 2. mailan izango da, eta Araban zenbait ikastetxe aukeratu dituzte proba pilotua egiteko, hala nola, Amurrioko Zaraobe, Olabide, Armentia, Koldo Mitxelena, Mendebaldea, Lakua, Unamuno, Luis Dorao LH, Lakuabizkarra LH, San Jose de Calasanz LH, San Prudencio, Sagrado Corazon eta Marianistas ikastetxeetan egitekoa da azkerketa.
Gaur goizean ikasleak errebalidaren azterketari lehen plantoak egiten hasi dira, besteak beste, Koldo Mitxelena, Mendebaldea eta Jesus Obrero ikastetxeetan. Zaramagako institutuan, esaterako, 08:45ean atera dira ikasleak klasetik, eta kaleak zain zituzten gurasoak, hartutako bideari babesa adierazteko. Mendebaldean, aldiz, plantoa ez da behin betikoa izan, izan ere, gaur egitekoa zen azterketa azkenik ostiralean egingo dietela azaldu dute bertako ikasleek. Jesus Obreroko ikasleek, berriz, arazoak izan dituzte zuzendaritzarekin. Ikasle Abertzaileak adierazi duenez, zuzendaritzak ikasleak mehatxatu ditu, baina hauek kalera ateratzea erabaki dute.
Aurreko ostiralean, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Altxa eta Hezkuntza Plataforma Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan elkartu ziren, eta azterketari planto egiteko deia egin zuten. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu zuten hiru taldeek. "Hezkuntza Sailburuak ez du informazio argi ezta zehatzik eman, eta Cristina Uriartek, ohitura legez, berandu, isilpean, mezu nahasiak eta trikimailu ezberdinak erabiliz beteharazi nahi digu LOMCEren euskal inposizioa". Azkenik, "inposaketarik" onartuko ez dutela argitu zuten.
Elkarretaratzea, asteazkenean
Datozen egunotan ikastetxeetan gaia jorratzeko asanblada, hitzaldi eta mobilizazioak egingo dituzte, eta datorren ostegunean, hilaren 18an, elkarretaratzea deitu dute Eusko Legeiltzarraren aurrean.