Euskara hutsezko lan-atari bakarra da Lansarean.eus. Bi publikori dago zuzenduta: alde batetik, enpresa, saltoki eta era guztietako entitateei, lan eskaintzak zabaldu eta hautaketa prozesuak errazago kudea ditzaten. Bertzetik, lan bila ari diren pertsonei, euskarazko eskaintzak era pertsonalizatuan jaso eta eurentzat egokiena den postua topa dezaten.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatzen du, Bilalanekin elkarlanean. Duela bi urte sortu zuten erreminta hau, eta lana euskaraz bilatu, eskaini, eta hizkuntza honetan lan egin nahi duen komunitatearen esku jarri zuten. “Lehen aukera euskara, lan aukera euskaraz” lelotzat hartuta, lan mundua euskalduntzen ahalegintzen dira.
Bi urteko ibilbidea bete du Lansarean.eus atariak eta, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek GAUR8ri azaldu dionez, kontent daude lortu dutenarekin. «Oso bitarteko mugatuekin tresna oso erabilgarri bat sortu dugu». Horren erakusgarri dira sustapen kanpainako bideoan agertzen diren lekukotasunak.
Maiatzaren 2an, justu Langileen Nazioarteko Egunaren biharamunean, atari berritua aurkeztu zuten, komunikazio kanpaina batekin batera. Webgunearen aro berria hasteko, erabiltzaileen iritzi eta esperientziak jaso dituzte. Ikerlan, Oreka IT, Kide Aholkularitza, Berria Euskarazko Komunikazio Taldea eta Arteman Komunikazioa dira erabiltzaile esanguratsu batzuk.
Azken horretako zuzendaria, Arantzazu Lagunilla, hala mintzatu zaigu: «Artemanen helburuetako bat da pertsonen garapena eta lanpostuen sustapena. Gure lantaldea profil oso ezberdineko pertsonez osaturik dago, komunikazio esparru ezberdinetan adituak garen pertsonez; batzuek eskarmentu gehiago, beste batzuek gutxiago... baina guztion indar, ilusio eta ezagutzak batuz Arteman Komunikazioa posible egiten dugu».
Aitortu duenez, pertsona berriak hartzeko eta talentua erakartzeko prozesua ez da erraza izaten, Artemanen koloreekin eta lantaldearekin identifikatuko den pertsona bat bilatzen dutelako, prestatua, prestua, euskalduna eta beren filosofiarekin eta lan egiteko moduarekin bat egin dezakeena.
«Azken batean, komunikazio artisauak gara eta halako bat topatzea ez da bi eguneko kontua. Lan eskaintzak izan ditugunean zoratu egin gara behin baino gehiagotan: nora jo? Zein tresnaren bidez kudeatu lan eskaintzok? Non aurkitu gure baloreekin bat egingo duen pertsona?».
Lansarean.eus ezin hurbilagotik ezagutu zuten, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen komunikazio bidelagunak baitira. Ordutik, hautaketa prozesuen kudeaketarako lehenengo aukera da.
«Lansareanek profil ezberdinetako curriculumak ahalbidetu dizkigu eta pertsona oso interesgarri eta kualifikatuak aurkitu ditugu webgunearen bidez. Gainera, orain, funtzionalitate berriekin eta diseinu eguneratuarekin, askoz intuitiboagoa da eta eskaintzak modu pertsonalizatuagoan kudeatzeko aukera ematen digu, hautaketa prozesua erraztuz eta eraginkorrago eginez», jarraitu du azaltzen.
Giza baliabideen alorra «oso konplexua» da eta faktore ugarik eragiten du. «Inportanteena konfiantzazko pertsonak integratzea da, eta guk jakin badakigu horiek Lansareanen bidez aurki ditzakegula», nabarmendu du Lagunillak.
Atariak nola funtzionatzen duen esplikatu digu Gutierrezek: lehenbizi izena eman behar da hautagai edo enpresa gisa. Lan bila sartzen bagara, panel bat ikusiko dugu gure profila betetzeko. Curriculuma presta dezakegu bertan; bat baino gehiago osa ditzakegu, postu bakoitzari egokituz. Lan eskaintzen alertak jasotzeko aukera ere badugu, interesatzen zaizkigun arloetakoak, edo inguru zehatz batekoak. Enpresen eskaintza guztiak ikus ditzakegu eta, baten bat interesatuz gero, izena eman eta berarekin harremanetan jarri. Abisuak jasoko ditugu enpresa horrek curriculuma jaso duen erranez, irakurri duen ala ez, hautaketa prozesuan zein fasetan gauden…
Enpresa gisa sartzen bagara, lan eskaintzen berri eman dezakegu eta eskaintzak ataritik bertatik kudeatu. Datuen ustiaketa egin dezakegu eta hautagaiei jakinarazi onartuak dauden ala hurrengo fasera pasatu diren. Eurekin kontaktuan jar gaitezke.
Atal gehiago ere baditu webguneak, lanbide orientazioari eskainitakoa kasu. Bertan jasotzen dira ibilbide profesionalean lagun gaitzaketen hainbat aholku eta orientabide: curriculumak nola prestatu, lan elkarrizketak nola egin… Formakuntza ikastaroen atal bat ere prestatzen ari dira, euskaraz eskaintzen diren kurtsoen berri emateko.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak jakinarazi duenez, hagitz gutxi dira Euskal Herrian euskaraz lan egiten duten enpresak. 1.242 entitatek dute ziurtagiria, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 250 inguruk dituzte euskara planak.
Euskaraz mintzatzen diren enpresa hauek erabiltzen dute Lansarean, baita, bertze hizkuntza batzuetan lan eginda ere, eskaintza zehatzen baterako profil euskalduna nahi dutenek. «Normalean ez dira oso enpresa handiak izaten. Zerbitzuekin lotuta daude gehienak eta aholkularitzakoak ere badira. Hautagaiei dagokienez, gazteak dira. Ikasketak euskaraz egin dituzte eta etorkizun profesionala ere hala garatu nahi dute».
Gutierrezek eten batez ohartarazi du: «Izugarrizko inbertsioa egin da hezkuntzan, umeak eta gazteak euskaraz formatzen ari gara, baina gero lan mundura jauzi egiten dutenean oso gutxi izaten dira beren bizitza profesionala euskaraz garatzeko aukera dutenak». Zuzendariaren ustez, ikuspegi orokorragoa behar da eta inbertsio handiagoa ere bai euskarak arlo sozioekonomikoan lekua irabazteko.
«Merkatu globalizatu honetan hizkuntza ezberdinetan lan egiten da. Posible da ondoan ditudan lankideekin euskaraz aritzea baina gero beste nonbait dagoen lankide batekin beste hizkuntza batean egitea. Duela oso gutxira arte ez da behar bezala kudeatu hori. Pixkanaka-pixkanaka ari dira urratsak egiten, baina oso pixkanaka», agertu du Gutierrezek.
Benetako jauzi kualitatibo-kuantitatibo baten premia ikusten du, eta elkarlanerako deia egin die arlo sozioekonomikoko eragile guztiei: enpresak, administrazioak, langileak... «Oinarrizkoa da gure arteko elkarrizketak bideratzea, planak egitea, neurriak hartzea eta epeak zehaztea emaitzak lortzeko. Bestela gauzak egin egiten ditugu, baina horien eragina nahiko mugatua izaten da». Euskarak lan munduan duen egoeraren inguruko argazkia partekatzera gonbidatu ditu.
Deskargatu erreportaia PDF formatuan hemen
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.