Frankismoaren biktimen lekukotasunak biltzeko bulegoa zabalduko dute

Erredakzioa 2017ko mai. 12a, 12:17

Bulego ibiltaria izango da, eta Arabako kuadrilla guztietatik pasako da, frankismoaren errepresioa jasan zuten pertsonen eta beraien ahaideen lekukotasunak biltzeko. 

Ekainaren 1etik frankismoaren errepresioa jasan zuten pertsonen eta beraien ahaideen lekukotasunak bilduko dituen bulegoan zabalduko du Aldundiak. Helburua errepresio frankistari buruzko txosten bat eta lurraldean frankismoaren biktima izan zirenen zerrenda egitea da. Horretarako, EHUko ikertzaile talde baten laguntza izango du Diputazioak, eta Historia Garakidearen Departamendua zuzentzen duen Mikel Aizpururen zuzendaritzarenpean egongo da egitasmoa.

Bulego ibiltaria

Ekainaren 1etik abuztuaren 31era bitartean, bulegoa Gasteizen kokatuko da, Probintzia Plazako 5 zenbakian, hain zuzen. Ondoren, eta ahalik eta biktima gehienengana iristeko asmoz, kuadrilla guztietara mugituko da bulegoa. Horrela, irailaren 4tik 8ra bitarteran, Lautadan izango da; irailaren 11tik 15era Añanan, irailaren 18tik 22ra Gorbeialdean, irailaren 25etik 29ra Mendialdean, urriaren 2tik 6ra Aiaraldean eta urriaren 9tik 13a Arabako Errioxan.

Lekukotasunak biltzeaz gain, ikertzaile taldeak biktimek eman dezaketen dokumentazioa jasoko du. Horrez gain,  informazioa osatzen saiatuko dira, gaiari lotutako agiritegiak kontsultatuz, Gogora – Oroimenaren, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin elkarlanean. Biktimen datu baseen izendun zerrendak, Arabako Foru Aldundiak 2008an burutu zuen lehenengo azterketa bat izango du abiapuntua. Azkeneko proiektua Araban diktaduraren garaian errepresaliatutako pertsonen izendun zerrenda bat eta datu base bat egitea da. 2018rako proiektua amaituta egotea aurreikusita dago.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide