Gasteizko epaitegiak Veleia auzian zilegitasunik ez duela dio Euskeraren Jatorria elkarteak

Erredakzioa 2017ko mai. 4a, 18:19

Veleiako arduradunek piezak faltsutu zituztela egiaztatu dela esan zuen atzo Gasteizko Instrukzio Auzitegiko epaileak. Euskeraren Jatorria elkarteak, berriz, Veleiaren aurkako "eraso judiziala" maila gorenenera heldu dela uste du.

Atzo Gasteizko Instrukzio Auzitegiko epaileak Veleiako arduradunek piezak faltsutu zituztela egiaztatu dela adierazi zuen. Gaur, berriz, Euskeraren Jatorria Elkarteak "Iruña-Veleiaren, eta berau ordezkatzen duen euskera zaharraren eta aurrekristautasunaren aurkako eraso judiziala maila gorenera heldu dela" adierazi du ohar baten bidez.

Epailearen erabakiaren aurrean, honakoa adierazi du Euskeraren Jatorriaren elkarteak:

1. Epaitegi honek ez du gai honetan inolako zilegitasunik, 2010ean EHUko Arkeologia Sailak indusketara sartu berria zenean hondeamakina batez izugarrizko triskantza egin ondoren SOS Iruña-Veleiak aurkeztutako kereila artxibatu zuelako. EHUkoek harlauzetaraino eraitsi zuten dena, gainean zegoen guztia apurtuz (etxeetako egituren arastoak…), bideoan ikus daitekeen moduan.

2. Epaitegi honetako Susana Junquera Bajok erabaki hori hartu du grafitoen datazioak egin gabe. Datazioak pieza askotan egin daitezke: idatzitako adreiluetan edo marrazkiak dituzten buztinezko taulatxoetan termoluminiszentziak egin daiteke, kez betetako marrazkietan ke hori zein mendetakoa den jakin daiteke, letrak karbonato kaltzikoz estalita dituzten grafitoetan karbonatoak zenbat urte daramatza hor jakin daiteke, etab. Baina ez dira egin nahi izan. Munduko arkeologo guztiek 3-4 laborategi famatuetara bidaltzen dituzten piezak eta horietara, nahita, ez dituzte bidali nahi izan.

3. Faltsuak direla esateko IPCE- Espainiako Kultur Ondasunaren Institutuak egindako grafitoen azaletako analitiketan oinarritu dira baina Kultura Ministerioaren laborategi horrek frogatu duen gauza bakarra da azaletan metal modernoak daudela, ez karbonato, ke edo sedimentuen azpian, gainean baizik. Hau da, IPCEk grafitoak gaur egungo eskuilekin garbitu direla frogatu digute. Ez testuak eginberriak direla.

4. Susana Junquerak ez omen daki munduko faltsifikatzaile guztiek espero dena faltsifikatzen dutela. Nola faltsifikatu unibertsitatean erakusten diren gauza askoren  aurka doazen gauzak?

5. Susana Junquerak dioenaren aurka, Eliseo Gilek edo Oscar Escribanok ez zuten inolako interes ekonomikorik grafiko bereziak agertzeko. Konpontzen ari ziren egitura guztiekin eta agertzen ari ziren pitzar, plater eta horrelako ehunka ontzietako zatiekin urte askotarako lana ziurtatuta zuten. Lurmen kentzeko interesa zuten bakarra EHUko Arkeologia Saila zen, Eliseo Gil kanporatu ondoren, 2 milioi euro kobratu dutelako denbora erdia sartuta eta langile gutxiagorekin.

6. Azkenik, gogoratu behar da 2.400 orrialdeko 25 txostenak daudela, horietako bi aldizkari zientifikoetan argitaratuta, eta haietan ezeztatu direla grafitoak faltsuak direla zioten sei txostenetako argudioak eta iritziak. Horretarako froga dokumentaletan testu zaharren aipamenetan,  eta baita geroago egindako aurkikuntza arkeologikoetan oinarrituta dira. Ikusi dugunez, Lurmenek topatutako 400 grafito horiek egiteko euskera arkaikoa, latin arrunta, hizkuntza zelta, kultura punikoa, kristautasuna, mugimendu heretikoak eta beste hainbat kontu jakin behar ziren eta une honetan ez Eliseo Gil ez Euskal Herriko beste inork ez du gaitasunik horrelako grafito bereziak egiteko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide