Lansarean.eus lan-atari berritua aurkeztu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak

Euskal profesionalentzat, lan bila ari direnentzat eta lana eskaintzen duten enpresentzat erreferentziazko lan-ataria da lansarean.eus eta, etorkizunean, zerbitzu hobea eskaintzeko eta euskaraz lan egiteko aukerak errazteko berrikuntza ugari egin ditu.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lansarean.eus profesional euskaldunen lan-atari berritua aurkeztu du, euskara hutsez dagoen lan-atari bakarra. Euskal Herriko profesionalek aukerak behar dituzte, euskaraz lan egiteko aukerak, euskaraz bizitzeko aukerak. Horregatik, lan-atari honen bitartez, Bai Euskarari Elkarteak erraztasunak emango dizkio ibilbide profesionala euskaraz garatu nahi duenari.

Lana euskaraz bilatu, lana euskaraz eskaini eta euskaraz lan egin nahi duen komunitatearen eskura dagoen erreminta edo baliabidea da eta berrikuntzaz beterik dator oraingoan, maila profesionalean “lehen aukera euskara, lan aukera euskaraz” kontzeptua sustatzeko helburuarekin.

Lansarean bi publiko hauei dago zuzendua: alde batetik, enpresa, saltoki eta era guztietako entitateei, lan-eskaintzak zabaldu eta hautaketa-prozesuak arinago kudea ditzaten; eta, bestetik, lan bila ari diren pertsonei, euskarazko eskaintza profesionalak modu pertsonalizatu batean jaso eta hobekien egokitzen zaien lana topa dezaten.

Langileen Nazioarteko eguna pasa berri, lansarean.eus atariak euskal profesionalen aroari eman nahi dio jarraipena, euskara bizirik duten entitateei, ibilbide profesionalean hasiberriak direnei, eskarmentua dutenei, zuzendariei… lan ibilbidea euskaraz ekin nahi duten horiei edo eta lan bila edo eskaintzen ari direnei; horiei guztiei etorkizun profesionala eraikitzeko erraztasun eta aukera ezberdinak eskaini nahi dizkie lansarean.eus-ek.

Iparra argi dute Bai Euskarari Elkartean; orain dela pare bat hilabete Rober Gutiérrezek horrela nabarmendu zuen, arlo-sozioekonomikoan euskararen aldeko urratsak ematearen premia agerian utziz: “euskara eremu sozio-ekonomikoan txertatzea eta erabiltzea funtsezkoa da egunerokoan normaltasunez aritzeko eta hizkuntzaren biziberritzerako. Lan munduan euskara sustatzeko urratsak ematen ari dira, baina erdara da nagusi oraindik ere enpresa eta lantoki gehienetan. Bestalde, hezkuntza-arloa euskalduntzeko egindako inbertsioak ez du segidarik izan arlo sozio-ekonomikoan. Gero eta gehiago dira euskaraz ikasi duten eta trebatu diren pertsonak, belaunaldi berriak prest daude euskaraz lan egiteko, baina, lan munduak horretarako aukera gutxi ematen die. Lan arloan euskaraz normaltasunez aritzeko baliabideak sortu eta garatu behar dira. Euskaraz lan egin ahal izateko ezinbesteko baldintza baita, pertsonak eta espazioak euskararekin betetzeaz gain, baliabideak eta tresnak ere euskaraz egotea eta horiek baliatzea”.

Lansarean.eus da horren adibide argia, enpresa edo-eta profesional euskaldunak ezagutzeko aukerak errazten jarraitzeko asmoz eskainitako baliabidea. Bi urte igaro ondoren eta milaka lan-eskaintza jaso eta kudeatu ondoren, diseinu eta funtzionalitate berriak erantsi dizkiote enpresen eta hautagaien beharrei modu eraginkor eta pertsonalizatu batean erantzuteko. Berritasunen artean, nabarmenak dira, alde batetik, diseinuaren berritzea, eta, bestetik, lan-abisuak, lanbide orientazioa, hautagaitzaren jarraipen aukera, formazio eskaintza... bezalako aukera edo-eta zerbitzuak.

Gainera, webgunearen aro berriari hasiera emateko, erabiltzaileen iritzi eta esperientziak jaso nahi izan dituzte bideo baten bidez, Lansarean ataria bezalako baliabideei esker “lehen aukera, euskara; lan aukera euskaraz” posible dela erakusteko. Ikerlaneko, Oreka IT-ko, Arteman Komunikazioko, Kide Aholkularitzako eta Berria Euskarazko Komunikazio Taldeko erabiltzaile eta profesionalak dira bideoaren protagonistak.

Besteak beste, Ane Fernandezek, Berria Taldeko marketin teknikariak, egin du bere ekarpena hautagai moduan eta honakoa nabarmendu du: “Nik betidanik argi izan dut nire lan ibilbidea ere euskaraz garatu nahi nuela eta horretarako lansarean.eus atari ezinbestekoa iruditzen zait”; horrekin batera, Noemi Garcia de Iturrospek, Oreka IT-ko web garatzaileak, aitortu du ikasten zegoen bitartean bere lehenengo lana lansarean.eus atariaren bitartez aurkitu zuela.

Enpresa arloko ordezkarien iritziak ere jaso dira; adibidez, Ikerlan Ikerketa Zentroko Nerea Burutaranek, Pertsonen Kudeaketako koordinatzaileak, azpimarratu du “pertsona trebatuak erakartzeko tresna bikaina dela”; Iraitz Perez de Goldarazenak, Oreka IT-ko zuzendari nagusia konturatu zen “Lansarean oso atari eraginkorra zela eta kurrikulum ugari jasotzen genituela” eta Arantzazu Lagunillak, Arteman Komunikazioko zuzendariak, azaldu du euren helburuetako bat pertsonen garapena eta lanpostuen sustapena izanik, “badakigu Lansarean.eus-en bilatzen duten hori erraz topatuko dugula”.

Erabiltzaileen bizipen eta iritziak jasota, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak adin eta profil ezberdinetako pertsonak lan aukera euskaraz hautatzera animatu nahi ditu, Lansarean.eus adibide errealen bidez ibilbide profesionala ekiteko tresna eraginkorra dela erakutsiz. Ez dago aitzakiarik. Zure enpresaren eskaintzetan euskara aintzat hartzen baduzu, lansarean.eus. Zure ibilbide profesionala euskaraz eraikitzea erabaki baduzu… badakizu, lansarean.eus.

“Lansarean.eus. Lehen aukera, euskara. Lan aukera, euskaraz.”

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago