Gaurkoan Binke aldizkariak Bai Euskarari Ziurtagiriaren maila gorena eskuratu ostean garaturiko erreportaia partekatu nahi dugu zuekin.
Orain egiten duzunak bihar eragina izango duen neurri berean egiten dira Herri honetako ekimen handi zein txikienak ere. Irakurle askok ez du gogoratuko —jaio ere ez zelako egin, akaso— 1978ko ekainaren 17an Bai Euskarari kanpainari San Mames zaharrean eman zitzaion amaiera arrakastatsua. Edo 1998ko abenduaren 26an Euskal Herriko bost futbol zelaitan egin zen Bai Euskarari ekitaldi jendetsua. Ekimen bietan, pentsaerak pentsaera, denok elkarrekin euskararen alde egon eta egitearen beharrizana azpimarratu zen. Bizi edo gogoratu ez, irakurle, ekimen haiek gerora ere fruitu asko utzi dituzte. Besteak beste, Kontseiluak sortu zuen eta gaur egun Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen duen izen bereko Ziurtagiria.
Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile izateagatik, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran.
Denok gara eragile, eta horren jakitun, hortxe kokatu behar da Bai Euskarari Ziurtagiriak egiten duen eguneroko ekarpena. Bai Euskarari Elkarteak lan mundua euskalduntzeko estrategikoki lanean dihardu 2007tik, Bai Euskarari Ziurtagiria erreminta nagusi delarik. Baina ez bakarra, euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatzea helburu duen Enpresarean ekimena eta lana bilatzeko edo eskaintzeko sortutako Lansarean lan-ataria ere badirelako Bai Euskarari Elkartearen harribitxi.
Baina, zer da Bai Euskarari Ziurtagiria? Enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen du Bai Euskarari Ziurtagiriak. Horrela bada, entitate baten hizkuntza-egoera zein den ziurtatzen du. Guzti horien ahalegina eta konpromisoa aitortzea du helburu nagusitzat eta balio horrexengatik jende aurrean erakusteko bereizgarria ematen die.
Hiru maila bereizten ditu Ziurtagiriak:
Bada, diagnostiko zehatza gainditu ostean, harrotasunez esan dezake Binke osatzen duen batzorde eta elkarte osoak, aldizkari honen lan-talde eta egitura izan dela Bai Euskarari Ziurtagiriaren mailarik gorenena eskuratzen lehen entitatea Galdakaon eta Usansolon! Bejondeigula!
Zer egin Ziurtagiria eskuratzeko? Bai Euskararik zail du Euskal Herri osoko enpresa edo elkarteen atzetik ate-joka aritzea. Horregatik, Ziurtagiria eskuratu gura dutenek www.baieuskarari.eus webgunera sartzea baino ez dute. Edo nahiago badute, info(a)baieuskarari.eus helbidera idaztea.
Hortik aurrera jarriko dira interesdunarekin harremanetan, eta informazio guztia eskura, diagnostikoa egin eta Bai Euskarari Ziurtagiriak aitortuko dio entitateari zein hizkuntza-mailan dagoen.
Lehenengoa zein hirugarrena izan, Ziurtagiriarekin jendarteari erakutsiko dio enpresa edo elkarte horrek euskararekiko duen konpromiso irmoa. Hitzetatik harago doan konpromisoa.
Hemen duzue Binkeko argitalpena osorik:
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.