Foronda eta Gasteiz lotuko dituen autobusak hiru euro balioko du

Erredakzioa 2017ko api. 25a, 14:03

Ryanair konpainiaren Irudia: @Borja253

Bakarrik Ryanair konpainiaren bezeroek erabili ahal izango dute. La Union enpresak eskainiko du zerbitzua.

Maiatzaren 1etik aurrera, La Union enpresak Gasteiz eta Forondako aireportua konektatuko dituen autobus zerbitzua eskainiko du. Bidaia bakoitzak hiru euroko prezioa izango du eta soilik Ryanair konpainiaren bezeroek erabili ahal izango dute, Forondara heldu edo ateratzen direnek, hain zuzen ere. VIAk  Autobuses La Union (%99) eta Basqtour (%1) enpresek osatzen duten Aeropuerto-17 aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu dio zerbitzu hau kudeatzeko kontratua eta  abenduaren 31ra arte luzatuko da. Hala, zerbitzu berri honek martxotik Bidasoa autobusak eskaini izan duen doako zerbitzua ordezkatuko du. 

Ryanairreko bezeroentzat soilik

VIAk argitu duenez, hiriburua eta aireportua lotuko dituen autobusa soilik Ryaniarren bidaiariek erabili ahal izango dute, zehazki, Foronda irteera edo helmuga duten hegaldien erabiltzaileek. Hala, ibilbide eta egun bakoitzeko bi autobus egongo dira, eta hiriko hainbat kaletan egingo dituzte geldialdiak. Tiketaren prezioa hiru eurokoa izango da, eta aldez aurretik interneten edo autobusean bertan erosteko aukera egongo da.

Ordutegiari dagokionez, irteerak Cadena y Eleta monsinore kaletik abiatuko dira, hegaldia baino bi ordu lehenago; ordu bat eta 45 minutu lehenago autobus geltokian hartzen bada. Aireportutik, berriz, autobusak hegaldia heldu eta 30 minutura irtengo dira, bidaiari guztiak maletak hartu dituztela konprobatu ostean. Era berean, helgaldiak bertan behera utzi edo atzeratzen badira, zerbitzua egokituko dute.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago